argia.eus
INPRIMATU
20 urteko espetxe zigorrak eskatu dituzte Tubacexeko protestengatik
  • Tubacex enpresako hainbat grebalari eta Aiaraldeko bizilagunentzat 20 urteko espetxe zigorra zigorra eskatu du fiskaltzak. 2021eko greba entzutetsuaren harira antolatutako mobilizazioetan parte hartu zuten zazpi pertsona epaituko dituzte. Horren aurka igandean, ekainaren 11ean 12:00etan, Laudioko lantegiaren aurrean agerraldi masibo batera deitu dute.

Ilargi Manzanares 2023ko ekainaren 09a
Tubacexen manifestazioa Laudion (EITB)

Aleak jaso duenez, akusazio hauek Tubacexeko greba mugagabearen testuinguruan antolatutako bi protestarekin dute lotura. Hiru langileri 36, 21 eta 18 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du fiskaltzak, "desordenak eta agintaritzaren kontrako erasoak" leporatuta. Hiru herritarrentzat, aldiz, lau urte eta zazpi hilabeteko kartzela zigorra, pikete batean gertatu zenaren inguruan, eta azkenik, Tubacexeko langile Aintzane Mendiaren kasua berriro eramango dute epaitegira, iazko azaroan epaitu eta absolbitu ondoren.

LAB sindikatua aurka agertu da eta adierazi du "langileek isunak, mehatxuak eta neurriz kanpoko egozteak" jasan dituztela, bai greba egunetan baita ondoren ere. "Borroka kolektiboaren aurkako eraso zuzenak" direla dio, eta leporatzen dizkieten gertaerak "muntai judiziala" dutela oinarri, "grebak sortu duen elkartasuna kriminalizatzeko".

LABek auzipetuetako guztien absoluzioa eskatu eta langileen kriminalizazioa salatu dy. "Borroka sindikalaren ondorioz langileen aurka abiatu dituzten prozesu eta jarduera guztiak" bertan behera uztea exijitu dute.