argia.eus
INPRIMATU
20 urteko emakume andaluziarra, LGBTfobiaren azken biktima mortala
  • LGBTfobiaren adibide lazgarriak ugariak izan dira 2021ean, Euskal Herrian eta munduan. Andaluziatik iritsi da azken kolpea: 20 urteko emakume batek bere buruaz beste egin zuen abenduaren 28an, lesbiana izateagatik bortizki jazartua izan ostean. Lau salaketa jarriak zituen.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2022ko urtarrilaren 04a

Sare sozialetan jazarpen sistematikoa jasan zuen, identitatea usurpatu zioten interneten, trufa egiteko, eta fisikoki ere, kartel umiliagarriak zintzilikatu zituzten herrian zehar (herri txiki batean bizi zen, 5.000 biztanle baino gutxiago dituena). Jazarpena, nagusiki, bere sexu joerari lotua zen. “Infernu horri ezin izan zion gehiago eutsi” eta bere buruaz beste egin zuen, senideen hitzetan.

Gazteak lau salaketa zituen jarriak, arrakastarik gabe. Guardia Zibilak kasua ikertzeari ekin dio orain.

Gorroto delitua hizpide, gertaturikoa gogor kritikatu dute Giza Eskubideen Nazioarteko Fundaziotik: “LGBTfobiak hil egiten du”. “Ezberdin maitatu, pentsatu eta sentitzeagatik” hil egin dela nabarmendu dute, eta aldarrikatu dute beharrezkoa dela gizarteak kontzientzia hartzea, “zeinen premiazkoa den aniztasunean, berdintasunean eta askatasunean heztea”.

Herriko Udalbatzak berriz, familiari babesa emateko elkarretaratzea deitu du ostiral honetarako.