argia.eus
INPRIMATU
20 urte eta 576.000 milioi euro beharko lituzke Trumpek 11,3 milioi etorkin AEBetatik kanporatzeko
  • Hiru milioi etorkin inguru deportatu edo espetxeratuko dituela adierazi du Donald Trumpek. American Action Forumek (AFF) egindako ikerketa baten arabera, AEBetan dokumenturik gabe bizi diren etorkin guztiak kaleratzeko 20 urte eta 576.000 milioi euro inguru beharko lituzke Trumpek.

Ainhoa Bretos @ob_ainhoa 2016ko azaroaren 14a
dokumenturik ez duten eta aurrekari judizialak dituzten 2-3 milioi etorkin inguru deportatu edo espetxeratu nahi ditu Trumpek (Arg: CBS)

AEBetako presidente denetik lehenengo aldiz, elkarrizketa eman du Donal Trumpek. CBS kateko “60 minutes” saioan izan da azaroaren 13an. Bertan adierazi du dokumenturik ez duten eta aurrekari judizialak dituzten bizpahiru milioi etorkin inguru deportatu edo espetxeratu nahi dituela.

Horrelako operazio bat aurrera eramatearen zilegitasunaren inguruko artikulua argitaratu du BBCk. Horren arabera, AEBetan dokumenturik ez duten 11,3 milioi etorkin daude. Horiek denak kaleratu eta atxilotzea “erronka handia” dela azaldu du hedabideak, militar, polizia eta mugazain agentzientzako. Izan ere, American Action Forum-ek (AAF) egindako ikerketa baten arabera, 20 urte beharko lituzke Trumpek pertsona horiek guztiak kaleratu ahal izateko. Hilean 650 autobus suposatzen du horrek, bi hamarkadetan zehar.  

Horrez gain, Ameriketako Aurrerapen Zentroak (CAP) deportazio masibo baten prezioa kalkulatu du. Horren arabera, 9.400 euroko kostua edukiko luke pertsonako, eta 106.000 milioi euro 11,3 milioi etorkinentzako. Dena den, kantitate horrek oinarrizko gastuak besterik ez lituzkeela estaliko azaldu du AAFk. Eta gastu osoa 390.000-576.000 milioi euro bitartekoa dela adierazi du.

AEBetako lan indarraren %6,4 dokumenturik gabeko etorkinek osatzen zuten 2014an. Hortaz, langile horien deportazioak “eragin larriak” izan ditzake bertako ekonomian, AAFren arabera. Horrez gain, kaleratze masiboaren programa hori aurrera eraman ahal izateko estatubatuarren babesa beharrezkoa dela ere azaldu du BBCk. Eta horietako askok urteak daramatzate dokumenturik gabeko etorkinen lagun, lankide edota auzoko izaten.