argia.eus
INPRIMATU
20 urte bete ditu AtaramiƱe argitaletxeak, eta antologia bat ondu du urteotako hainbat lanekin
  • 2002an sortu zen Ataramiñe argitaletxea, eta ordutik euskal errepresaliatu politikoek idatzitakoak argitaratu ditu. 2017ra arte lan kolektiboak argitaratu zituen, eta horietako zenbaitekin antologia osatu du: Urrun da zeru urdina. Ataramiñe 2002-2017. Ez da argitaletxearen nobedade bakarra, Barruan komikia eta Zaldi Berdea eleberria ere kaleratu berri ditu.

Amaia Lekunberri Ansola 2022ko abenduaren 05a

Euskarazko kartzelako literaturaren erreferentea da Ataramiñe argitaletxea. Aurten bete du mende laurdena, euskal preso, iheslari eta deportatu politikoek idatzitako 47 argitalpenekin bizkarrean. 2002tik gaurdaino, presondegietako murruak arrakalatu ditu literaturaren bidez, barrote arteko errealitatearen berri ematen duen sorkuntza kalera ateraz; eleberri, saiakera, komiki, poema, bertso eta itzulpen lanek osatzen dute hogei urteotan ondutako katalogoa.

Presoen lagunei eta senideenei aitortza egin diete argitaletxeko kideek. Horien laguntzarik gabe, egindako bidea ez litzatekeela posible azpimarratu dute, maiz beren laguntzari esker atera baitira kalera presoek sortutakoak, "kontrabandoan". "Kolektibotasunaren aldarrikapen bat da hau, kolektibotasuna zigortuta dagoen gune batean", argitaletxeko Oier Gonzálezen hitzetan.

Antologia

Hogei urteko bidean mugarria jarriko du kaleratu berri duten antologiak. Urrun da zeru urdina. Ataramiñe 2002-2017 izenburupean, 2002 eta 2017 urteen artean argitaratutako lan kolektiboen aukeraketa egin du Jon Urain Larrañagak; 150 lanetik 71 hautatu ditu, izan testu, marrazki edota eskulanen irudiak.

Argitaratutako lan guztien artetik zeintzuk hautatu erabakitzeko, zenbait irizpide erabili ditu. Euskarazko lanei eman die lehentasuna, eta gai aldetik lehenetsi egin ditu kartzelarekin lotutako testuak. Bilduma osatzeaz ez ezik, hitzaurrea idazteaz ere arduratu da Urain. Bertan azaldu duenez, "kartzelako euskal literaturak ibilbide oso-oso luzea dauka, zorionez literaturarentzat, eta zoritxarrez egile horientzat", Izan ere, Linguae Vasconum Primitae liburuan Bernat Etxeparek bere 1516ko kartzelako egonaldia aipatzen du.

Xanti Iparragirre Perurenaren (1934-2022) bertso batean oinarritu dira argitaletxeko kideak antologiari izena emateko: Urrun da zeru urdina/ urruntasunaren mina/ gainetik kendu ezina/ espetxeetan dauden haientzat/ besarkadarik handiena/ Ni urrun bizi naiz baina/ egin nahi dut ahalegina/ ahal badut atera mina.

Aurtengo beste nobedadeak: Zaldi berdea eta Barruan

Antologiaz gain, beste bi lan berri ere atera ditu labetik argitaletxeak. Komikia da bata, eta Barruan jarri dio izena Gartxot pseudonimoa darabilen egileak. ETAko kide izateagatik 2000ko hamarkadan atxilotutako gizona da protagonista, eta fikzioa bada ere, errealitatetik edaten du lanak. Protagonistak berak eta beste zenbait euskal presok azalean bizitakoetan oinarritua dago.

"Kartzelak itzal luzea du kalean ere". Gartxot egilearen hitzak dira, eta arrazoi horrexegatik ez du bere izen-abizenez sinatu lana, gibel solasean azaldu duenez: "Zoritxarrez gaur egun ere preso ohiok maila askotan jasaten dugun estigmak behartu nau komiki hau ezizena erabiliz argitaratzera. Horrela ez balitz, agian nire lana galduko nuke, edota semeak arazoak izango lituzke eskolan, bikotekideak lanean...".

Zaldi berdea da Ateramiñeren beste nobedadea, Jose Mari Sagardui Moja Gatza-ren memoria liburua. 1980an espetxeratu zuten Sagarduy, 22 urte zituela, eta 52rekin atera zen kalera, 31 urteren buruan, 2011n. Parot doktrina aplikatuta, aurreikusita zeukan irteera eguna bi urtez atzeratu zioten. Kartzelaldi luzean bizitakoak kontatzen ditu eleberriak, eta 1993ko bere ihesaldi saiakera du ardatz: Granadan (Andaluzia) preso zegoela ihes egiten ahalegindu zen, baina teilatutik harresiraino joateko zintzilikatu zenean lurrera erori zen. Besoak eta hankak hautsita, lurrean botata zegoela, Guardia Zibilek jipoitu egin zuten. "1993ko martxoaren 6an izan zen hori, eta egun horretan berean, zazpi urte geroago, jaio zitzaion alaba ere: 2000. urteko martxoaren 6an. Eta, orduan, lur jota geratu zeneko egun hori helduleku bihurtu zitzaion, eta aurrera egiteko motibo. Eta hori da liburuaren zentzua", kontatu du liburuarekin lagundu dion Xabier Izagak.

Joseba Sarrionandiak idatzi du hitzaurrea, Izagak epilogoa, eta Unai Iturriaga arduratu da azaleko irudiaz.