argia.eus
INPRIMATU
20 langile inguru kaleratu nahi ditu Siemens Gamesak Zamudioko plantatik
  • Oraindik informazio argirik ez badago ere, zenbait iturrik aipatzen dute 20-25 langile kaleratu nahi dituela Zamudioko plantatik. Sindikatuak haserre agertu dira.

Andoni Mikelarena @andonimik 2017ko azaroaren 15

6.000 munduan, 408 Espainiako Estatuan, 25 Zamudion: Siemens Gamesa multinazionalak kaleratu nahi dituen langileak dira aurrekoak. Espainiako estatuan lanik gabe utzi nahi dituen 408 langileetatik 340 urtea amaitzerako kaleratu nahi ditu. Hala ziurtatu zien Xabier Bengoetxea Giza Baliabideetako zuzendariak sindikatuei.

Gaur egun 2.300 langile ditu Siemens Gamesak Hego Euskal Herrian, 1.600 Nafarroan eta 700 EAEn. Nafarroako langile gehienek Sarrigurengo plantan egiten dute lan, 1.200 inguruk. Oraindik kopuruak zehaztu ez badituzte ere kaleratze ugari espero dira Sarrigurengo plantan. Bertan mantentze lanek eta ikerketak dute pisu gehien.

EAEn berriz 700 langile ditu multinazionalak, Mungia, Asteasu eta Zamudioko fabriketan banatuta. 2012. urtean jada zenbait langile kaleratu zituzten Zamudioko plantatik eta oraingoan beste hogei bat kaleratzea espero da. Siemens Gamesaren erabakiak printzipioz ez die produkzio lanetan aritzen diren langileei eragingo, bai ordea, mantentze lanetan eta ikerketa sailean aritzen direnei.

Kaleratzeak “onartezinak” dira

Haserre agertu dira sindikatuak. LABek adierazi du “onartezinak” direla kaleratzeak eta beraz ez dutela langile bat bera ere kaleratzea onartuko.

 CCOO ere kexu agertu da. Multinazionala informazioa “zatika” ematen ari dela eta horrek langileen artean “tentsioa” sortu duela salatu du sindikatuak.