argia.eus
INPRIMATU
20. Korrikak Otxandiotik Iruñerako bidea egingo du ‘Batzuk’ leloarekin
  • 2017ko Korrika aurkeztu zen azaroaren 9an Donostian. AEK-k antolaturiko ekintza martxoaren 30etik apirilaren 9ra bitartean ospatuko dute, Otxandiotik Iruñera bidea eginez. Batzuk izango da 20. edizioko leloa. Kultura, hizkuntza eta mundu ezberdinek osatzen duten aniztasuna irudikatu nahi dituzte leloarekin.

Iosu Alberdi Atxurra @atxurraa 2016ko azaroaren 10
Korrikaren aurkezpena Donostian, Batzuk" leloarekin. (Arg.: Korrika)

37 urte igaro dira Korrikaren lehen edizioa egin zenetik, 1980ko azaroaren 1ean abiatuta, eta 20. honetan Korrikaren sortzaileak omendu nahi dituzte. Korrikaren arduradun Asier Amondok ekintza hasi zenetik “euskalgintzaren, euskal kulturaren eta euskararen erreferentzia” bihurtu dela azpimarratu zuen.

Prentsaurrekoan AEK-ko arduradun Mertxe Mugikak euskal gizartean euskaraz egiteko hautua irmoago dagoela azaldu zuen, baina helduen artean bultzatzen jarraitu behar dela gehituz. Mugikaren esanetan hori da AEKren zeregin nagusia azken urteetan.

Amondok Batzuk leloaren esanahia azaldu zuen: “Hizkuntza, Kultura, Mundu 'bat' sendotzeko bidean, 'zuk' ere bat egin dezakezu, zeuretik, zeure hizkuntza-aberastasuna eta kultur aniztasun unibertsala bizi ditzazun”.

Aurkezpen bideoa egin dute ekimena zabaltzeko: