Energia Berriztagarrien Sektore Planean Aiaran, Urduñan, Amurrion eta Okondon zenbait proiektu jaso dute. Aiara herrian 16 proiektu fotovoltaiko agertzen dira. Eragin ditzaketen kalteak ikusita, Aiaraldeko Mendiak Bizirik Plataformak helegitea egiteko deia zabaldu du.
Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak proiektua “astakeria” dela adierazi du. Aiaraldeak jaso ditu taldearen hitzak: “Ez da egon informaziorik herritarrentzat, udal gobernu talde aldaketen erdian egin dira eta hirigintza araudia ez da errespetatzen ari. Izan ere, Sektore Plan batek Lur Zatiko Plana baino balio hierarkiko gutxiago dauka administrazioan eta Sektore Plana arau guztien gainetik jartzen saiatzen ari dira”, adierazi dute.
Energia Berriztagarrien Sektore Planaren hasierako onarpenari helegitea aurkezteko azken eguna uztailaren 24 da, eta Aiaraldean prestatzen ari dira proiektua geldiarazteko errekurtsoak. Aiaraldeko hainbat eragile ari dira jardunean. Plan berriak enpresa pribatuei askatasun osoa ematen die milaka hektareetan azpiegitura fotoboltaikoak eta eolikoak eraikitzeko.
Plataformak hainbat bide ireki ditu: helegite herrikoia sustatzen ari dira, helegite teknikoagoak prestatzen ari dira, eta hainbat udalekin hitz egin dute jakiteko ea helegitea jarriko duten, Laudiok, Orozkok eta Aiarak baietz esan dute eta Amurriok ere egingo duela uste dute.
Uztailaren 20an EAEn jasotako helegiteak eramango dituzte Eusko Jaurlaritzara, eta egun berean Eusko Jaurlaritzako Gasteizko egoitzaren aurrean kontzentraziora deitu dute.