argia.eus
INPRIMATU
2. mailako ikasle, 2. mailako hizkuntza
  • Egunotan, hezkuntzaren inguruko eztabaidak biderkatu diren honetan eta nahiko hausnartzeko denbora adina dugun honetan, eztabaida gai nagusienetako baten inguruan zenbait burutazio mahaigaineratu nahiko nituzke. Ukaezina da larrialdi egoera honetan nekez eman dakiokeela jarraipena hezkuntzaren fluxuari, eta horretan irakasle zein ikasleak ateratzen dira kalteturik, ikasleen hitzetan internet bidezko klaseak ez baitira aurrez aurrekoak bezalakoak.

Xabier Karril @xabikarril 2020ko martxoaren 28a

Besteak beste, EAEko Hezkuntza Sailak eta Nafarroako Foru Komunitateko Hezkuntza Departamentuak Unibertsitatera Sartzeko Ebaluazioaren (Selektibitatea) atzerapena baieztatu dute, eta horrek ikasle askorengan ondoeza eragin du. Unibertsitaterako sarrera ahalbidetzen duen froga honen inguruko ika-mikak ika-mika, euskarari dagokion alderdiaren inguruko nire iritzia azaleratzea natorkizue.

"EAEko Euskarako azterketari dagokionez, egitura honakoa da: korapilatsuegia ez den testu bat, haren inguruko galdera pare batzuk eta 200 hitzeko idazlan bat. Kataluniako ikasleek egin beharreko Katalaneko azterketari erreparatuz, eta horixe EAEko Euskarakoarekin alderatuz, bata eta bestearen arteko aldeak zeharo nabariak direla erraztasunez antzeman daiteke"

EAEko Euskarako azterketari dagokionez, egitura honakoa da: korapilatsuegia ez den testu bat, haren inguruko galdera pare batzuk eta 200 hitzeko idazlan bat. Begirada kanpora zuzenduz, adibidez, Kataluniako ikasleek egin beharreko Katalaneko azterketari erreparatuz, eta horixe EAEko Euskarakoarekin alderatuz, bata eta bestearen arteko aldeak zeharo nabariak direla erraztasunez antzeman daiteke. Bertako ikasleek, esaterako, gramatika eta literatura katalanaren inguruko galderak erantzutera daude beharturik, hau da, urtean zehar jorraturiko gai eta alderdi desberdinak barneratu behar dituzte, idazle katalanak eta haien obrak barne, USE deiturikoan Katalaneko azterketan emaitza on samarra lortu ahal izateko. Honek guztiak agerian uzten du hizkuntzarekiko atxikipen eta konpromiso maila bertoko hizkuntzak dituzten lurralde desberdinetako erakundeetan. Askoren hitzetan Euskara irakasgaiko Selektibitateko froga ikasle guztiei egokitutakoa da, A ereduko ikasleak, noski, aintzat harturik. Argudio hau ulergarria izan daitekeen arren, neuri ez zait onargarria iruditzen, rolak irauliz, Gaztelaniako froga ez baitago D ereduko ikasleentzat egokituta. Berriz ere, horrelako bidegabekeriek argi uzten dute nortzuk diren bigarren mailako hiztunak eta nortzuk ez. Eskolan euskara erabiltzera ohitu direnek ohitura horiek aldatu eta Gaztelaniako irakasgaiaren maila altua lortzera behartuta daude. Aitzitik, A ereduko ikasleek ez dute zertan ahalegin handirik egin euskarazko maila duin bat izatearren unibertsitatera sartzeko garaian. Guzti honi aurre egiteko, Nafarroa Garaiko kasua eredu ona izango litzatekeelakoan nago; izan ere, A eta D ereduko ikasleei, eredu bakoitzari egokitutako froga egiten zaie. Hala ere, egokiena Euskarako frogari hizkuntzak merezi duen duintasuna ematea izango litzateke ikasle guztien kasuan, Kataluniako ereduari jarraituz.

Bestalde, Ipar Euskal Herriko ikasleen auzia dugu. Frantziar Iraultzatik gaurdaino garatu eta inposatu den frantses nortasun eta hizkuntzaren gailentasunak eragindako euskaraz ikasteko zailtasunak ezagunak dira, oinarrizko hezkuntza mailetatik unibertsitateraino. Esanguratsua da, adibidez, Seaskan irakasgaiak euskaraz har daitezkeen arren, Baxoa egiterako garaian, Matematika eta Historiako irakasgaiak (eta Euskarakoa, noski) baino ezin egin ahal izatea euskaraz, eta, beraz, unibertsitatera sartzeko froga horretako atal gehienak frantsesez egitera behartuta egotea. Argi dago Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikasleen artean ere mailaketa bat dagoela ikasle euskaldunen eta erdal elebakarren artean. Frantziako Estatuak, ordea, ez dirudi egoera aldatzeko ahaleginak egiten dituenik, eta afera honetan aurrerapenen bat egin bada, Ipar Euskal Herriko ikasle, irakasle, antolakunde eta familia euskaltzaleen presio eta aldarrikapenei esker izan da, zalantzarik gabe, Baxoa Euskaraz lelopeko aldarrikapena nagusitzen delarik.

"Argi dago Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako ikasleen artean ere mailaketa bat dagoela ikasle euskaldunen eta erdal elebakarren artean. Frantziako Estatuak, ordea, ez dirudi egoera aldatzeko ahaleginak egiten dituenik"

Aipaturiko guztia aintzat hartuz, nabarmena da Euskal Herri osoan zehar bi ikasle multzo aurki daitezkeela. Alde batetik, lehenengo mailakoak: hizkuntzari dagokionez, ikasteko inongo arazorik ez dutenak. Bestetik, bigarren mailakoak: askotan beren ama hizkuntzan (edo soilik hobeto menperatzen duten hizkuntzan) ikasteko oztopo eta zailtasunak aurkitzen dituztenak. Norberak bere ondorioak atera ditzala eta, bere buruari erreparatuz, erabaki dezala zein taldekoa (izan) den. Aurretik ere eginiko alderaketetara itzuliz, eta beste hezkuntza sistemak kontuan hartuz, behar bada, gure agintariei ausardia eskatu beharko genieke, euskararen normalizazioa zazpi probintzietako ikastetxeetara irits dadin behingoz, eta guk, euskal hiztunak garen aldetik, bigarren mailako ikasle eta biztanle izateari utz diezaiogun.