argia.eus
INPRIMATU
1990eko hamarkadako Bilboko rock mugimenduaz dokumentala abiatu dute
  • 160 metros: una historia del rock en Bizkaia (160 metro: rockaren historia bat Bizkaian) dokumentalean, Bilboko itsasadarraren bi aldeek 1990eko hamarkadan izandako eraldaketa kontatuko dute, rockaren ikuspuntutik. Mediatag produkzio etxeak Creative Commons lizentziapean argitaratuko duen proiektua abian da dagoeneko eta horretarako jendearen parte-hartzea eskatu dute, bai materiala biltzeko, bai diruz laguntzeko.

     

ARGIA @argia 2012ko abenduaren 11

Rock mugimendu bi eta, areago, bizitza ikusteko modu bi: itsasadarraren ezkerraldekoa, kutsu punk eta sozialagoarekin (Eskorbuto, Parabellum, Zarama...) eta eskuinaldekoa, Getxo Sound deiturikoa (El Inquilino Comunista, Los Clavos, Lord Sickness...). Musika eta kultura uztartuko dituen egitasmoak 2013ko erdialderako izan nahi du prest lehenengo kapitulua: El punk ha muerto, 10 minutukoa. Guztira, bost kapitulu izango ditu dokumentalak.

Gaiarekin lotura duen garai hartako materiala izanez gero, bidaltzeko eskatu dute ekimenaren bultzatzaileek. Erabiltzen diren irudiak digitalizatu egingo dira eta horiek ere CC lizentzia izango dute. Horrez gain, crowdfunding kanpaina hasi dute, produkzio gastuei aurre egiteko. Diruz laguntzearen ordainetan, estreinaldirako sarrerak, kamisetak, etekinen zati bat... emango zaio jendeari. Materiala uzten dutenek ere izango dute saririk.