argia.eus
INPRIMATU
1990 eta 2011 artean ETAren mehatxupean izandakoei buruzko txostena aurkeztu du Eusko Jaurlaritzak
  • Deustuko Unibertsitateko Pedro Arrupe Giza Eskubideen Institutuak egin du ETAk mehatxatutako pertsonek jasan duten bidegabekeriari buruzko txostena. José Ramón Intxaurberen, Eduardo J. Ruizen eta Gorka Urrutiren gidaritzapean egin dute, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzaren enkarguz.

Ane Urkola Agirrezabala @irrikaz 2016ko apirilaren 08a

Txostenak bildu egin ditu “lanbide batean aritzeagatik edo herritarren ordezkari izateagatik mehatxu edo hertsapen bidezko larderia ekintzak” jasan dituzten pertsonen kasuak.

3.300 pertsona inguruk jasan dute egoera hori Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1990etik 2011ra, txostenak jaso duenez. Dena den, 1.619 kasu hartu dituzte datuak aztertzeko.

Pertsona horien bi heren baino gehiagok eskolta eduki dute urte bat eta bost urte bitartean; bosten batek hamar urtez izan zuen. Bost pertsonak, “gutxienez”, hogei urtez izan dute bizkartzaina.

Eskolta zutenen kopuruak gora egin zuen 1998an, eta 2003an jo zuen goia, 2005eko su-etena baino lehen. Eten hori eta gero, hazi egin zen berriz ere bizkartzainak zituzten pertsona kopurua  –826 ziren 2010ean–.

Era berean, “biktimen erreparazioa lortzeko" hainbat gomendio jaso ditu txostenak: “Biktimek jasan duten sufrimendu bidegabea jakinaraztea, eta biktimen testigantzak biltzea”.

Jonan Fernandez Bakegintza eta Bizikidetzarako idazkariak adierazi duenez, “giza eskubideen urraketen alorrean iragana argitzea funtsezkoa da bizikidetza eta memoria eraikitzeko”.