argia.eus
INPRIMATU
1980an Italian 81 hildako eragin zituen hegazkin-istripua ez zen hala izan: Frantziaren erasoa izan zen Gaddafi hiltzeko asmoz
  • Giuliano Amato Italiako lehen ministro ohiak elkarrizketa batean esan du duela 23 urte Frantziak botatako misil batek eraitsi zuela hegazkina. Gaddafi ohartarazi egin zuten eta ez zen hegazkinera igo. Frantziako Gobernuaren eta NATOren isiltasuna salatu du.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko irailaren 05
Eraitsitako hegazkina, Usticaren Memoriaren Aldeko museoan. (Argazkia: Fabio Di Francesco)

Duela 43 urte Italiako Ustica irlan 81 pertsona hil ziren hegazkin istripua ez zen istripua izan: Frantziak botatako misil batek eraitsi zuen, eta Libiako buruzagi ohi Muammar Gaddafi hiltzea zuen helburu. Hala adierazi du Giuliano Amato Italiako lehen ministro ohiak La Repubblican egindako elkarrizketan. Nahiz eta zenbait ikerketak nahita egindako erasoa izan zela ondorioztatu zuten, gertatu zenaz hitz egin duen lehen arduradun politikoa izan da Alderdi Demokratikoko politikari ohia.

Amatok azaldu duenez, asmoa "nahigabe eragindako istripua" irudikatzea zen. NATOren hegazkin askoren jarduna irudikatu zuten Sizilia inguruan, eta horietako batek Libiako buruzagia zihoan hegazkinari misila jaurtitzea zen plana. Ez zuen helburua lortu, ordea, Gaddafi ez baitzen hegazkin horretara igo, Amatoren arabera, garai hartan Alderdi Sozialistako diputatu zen Bettino Craxik ohartarazi zuelako. 

Amatok Frantziari eta NATOri egia ezkutatzea egotzi die: "Bada garaia estatu-sekretu ikaragarri (edo, hobeto esanda, estatuen arteko sekretu) hau argitzeko". Emmanuel Macron Frantziako presidentearen isiltasuna salatu du: "(Macronek) bi aukera ditu: tesi honek pisurik ez duela erakustea ala egiaztatzea eta Italiari eta biktimen senideei barkamena eskatzea, gobernuaren izenean".

Frantziak, berriz, adierazi du "ezbeharraren" inguruan zuen informazio guztia eman zuela eta Italiako Gobernuarekin kolaboratuko hala eskatuz gero. Giorgia Meloni egungo Italiako lehen ministroak, aldiz, azpimarratu du arreta merezi dutela Amatoren adierazpenek, baina ez direla Italiako Gobernuaren adierazpen ofiziala, bere "ondorio pertsonalak" baizik.