argia.eus
INPRIMATU
Martxoak 3tik 49 urte
“1976ko Gasteizko greben mugimendua eskola politikoa izan zen”
  • Martxoak 3ko sarraskiaren 49. urteurrena beteko da astelehenean. Grebetan eta asanblada irekietan oinarritutako hilabetetako borroka gero eta eraginkorragoa zenez, odoletan itotzea erabaki zuten garaiko botereek, Trantsizioaren hastapenetan. Martxoak 3 elkartea orduan gertatutakoak dokumentatzeko testigantzak eta objektuak biltzen ari da, sarraskiaren lekuko izan zen San Frantziskoko elizan eraikitzekoa den Memoriagunean erabiltzeko asmoz besteak beste, horretarako ere borrokatu beharra izango dutela aurreikusten duten arren. Balore handiko materiala bildu dute honezkero.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2025eko martxoaren 03a
ARGIA CC BY-SA

Julen Díaz de Argote García ari da aipatu testigantzak eta materialak jasotzen, iragan urtetik Martxoak 3 elkartean ari da lanean, elkarteak Gogora institutuarekin sinatutako lan hitzarmenaren barruan. Memoriagunea bultzatu duen Memoria Gara elkarteko kide ere bada, eta historialaria. 2024an 70 elkarrizketa egin ditu, eta herritarrek emandako hainbat objektu jaso. Martxoak 3 elkarteak Vicente Manterola kalean inauguratu berri duen egoitzan hartu du ARGIA.

Elkarrizketatu ditu Martxoaren 3an Poliziak hildakoen senideak, zaurituak, langileen batzorde-ordezkatzaileetako kideak, grebalarien alde sortu ziren babes taldeetan militatu zutenak, orduko hainbat apaiz, Martxoaren 3an eliza barruan zein kanpoan zeuden herritarrak, edo langileak beren etxeetan ezkutatu zituztenak. Elkarrizketetan entzundakoetatik zer nabarmenduko lukeen galdetuta, “maiz fokutik kanpo” gelditzen diren hiru aspektu azpimarratu ditu Díaz de Argotek.

Hilabetetako “eskola politikoa”

“Askotan martxoaren 3ko sarraskira mugatzen dugu begirada, baina testigantzek gogorarazten digute 1976ko Gasteizko grebena hilabeteetako prozesua izan zela, eboluzionatuz joan zena, eta askorentzat eskola politikoa izan zela”, dio ikerlariak. Protagonista zenbaitek kontatu diote mugimenduaren hastapenetan otzantasuna zela nagusi langileen aldetik, gehienek ez zutela esperientzia militanterik, edo ez zutela Polizia errepresioarekin lotzen. “Baina politizatzen eta galdera berriak egiten hasi ziren, hor asanbladek paper garrantzitsua izan zuten, hitz egiten zuten lan baldintzez, baina baita auzoen azpiegiturez, edo etxeko ekonomiaz”.

[Politizazioan] asanbladek paper garrantzitsua izan zuten, hitz egiten zuten lan baldintzez, baina baita auzoen azpiegiturez, edo etxeko ekonomiaz

Fokua hildako langileetan jarri ohi da, baina ohartu dira errepresioa askotarikoa eta masiboa izan zela. “Atxilotu asko egon ziren, horietako askok tratu txarrak jaso zituzten, batzuk hemen Langraitzen espetxeratu zituzten, gutxi batzuk Madrilgo Carabanchelen, eta grebalari ugari kanporatu zituzten lanpostutik, bereziki Forjas Alavesas enpresan”, zerrendatu du Díaz de Argotek. Poliziak zauritutako zazpi pertsona berri identifikatu dituzte. “Ohartu gara zortea izan zutela askok, balak lepoan edo bizkarrezur ondoan emanda ere onik irten zirenak. Egun hartan hildakoak gehiago ez izatea ia miraria da”.

Hirugarrenik, zenbait testigantzak utzitako arrastoa nabarmendu du. Manuel Pizarrorena, kasu. “49 urteren ostean bere bizitzan lehen aldiz” Martxoak 3 elkarteko kideei kontatu zien egun hartan balaz zauritu zuela Poliziak. Horrek eman zion adorea jarraian bere familiarekin partekatzeko ordura arte ezkutuan mantendu zuena. Denbora gutxira garrantzi gutxiko ebakuntza egin zioten Pizarrori, baina zailtasunak medio handik gutxira zendu zen. Familiak elkartera deitu zuen, Pizarroren partez eskerrak emateko. “Ordutik harreman estua egin dugu Manuelen senideekin”, dio Díaz de Argotek, esker onez.

Bala bat buruan

Bildutako objektu eta materialei dagokionez bada ere zer nabarmendurik. Bi mota nagusi ezberdindu ditu ikerlariak. “Batetik, sarraskiarekin zerikusia dutenak”. Horien artean daude Francisco Aznarrek Poliziak hil zuen unean soinean zeramatzan erlojua eta kartera, balen marka duten arropak edo gomazko pilotak, herritarrak espetxeetara edo ospitaletara bidalitako poemak eta idatziak. 

"Egun hartan hildakoak gehiago ez izatea ia miraria da”

Objektu “oso berezi bat” atera du Díaz de Argotek kutxa batetik, Poliziak balaz buruan zauritu zuen gasteiztar batek emana: bala masailetik sartu, lepaornoa jo, errebotatu eta lepoan geratu zitzaion; ospitalean atera zioten metal zatia; eta ebakuntza egin zion medikuak bala bera eman zion zeloarekin txosten medikuari itsatsita.

Beheko argazkian, bala eta txosten medikua:

 

“Garaia eta greba mugimendua ulertzeko objektu baliagarriak” dira bigarren motakoak. “Areitio enpresaren greba aurreko eta osteko nominak, greben lorpenak agerian uzten dituztenak”, langileen lanerako buzoak, idatziak, aldizkariak... “Orain horretan sakondu nahi dugu, eguneroko objektuak, askotan balorerik ematen ez diegunak baina asko esaten dutenak. Adibidez, greben aurreko urteetan masiboki heldu ziren migratzaileek herritik ekarritako maletak, edo erosketarako poltsa hutsak, emakumeek erabiltzen zituztenak beren mobilizazioetan”.

2025ean testigantzak zein materialak jasotzeko lanean sakontzeko asmoa du Martxoak 3 elkarteak, eta horretarako baliabideak jarri ditu. “Erlojuaren aurkako borroka ere bada hau, 49 urte pasa dira grebetatik”, hausnartu du elkarteko kideak.

Boterearen sekretu ofizialak

Ez zailtasunik gabe, eta bai lan militante askori esker, baina 1976ko greben inguruko memoria herrikoia aspaldi hasi zen jasotzen, eta amaierarik gabeko lana bada ere, mardula da emaitza: liburuak, bideoak, analisi akademikoak, artikuluak, hitzaldiak, mobilizazioak, oroimen ekitaldiak...

Hutsune handi bat egoten jarraitzen du, ordea: boterearen jarduna. Gasteizen eta Madrilen, zer erabaki hartu ziren? Zer agindu eman? Zergatik? Nork? Zein rol jokatu zuten Martin Villak? Zein Manuel Fragak? Zein elizak? Eta enpresariek?... Sekretu Ofizialen Legeak ezinezko egiten du erantzunak ematea. “Informazioa artxiboetan dago, garaiko Barne Ministerioarena Alcala de Henareskoan, arlo judizialekoa Tribunal de Orden Publikoarenean [Auzitegi Nazionalaren aurrekaria], Ferrolgo Artxibo Militarrean ere... baina Sekretu Ofizialen Legeak informazio hori eskuratzea ekiditen digu”, salatu du Díaz de Argotek.

Hutsune handi bat egoten jarraitzen du: boterearen jarduna. Gasteizen eta Madrilen, zer erabaki hartu ziren? Zer agindu eman? Zergatik? Nork?

Esperantzarako zein ezkortasunerako motiboak ikusten ditu ikerlariak. Esperantza, batetik legeak 50 urteko gehienezko epea ezartzen duelako informazioa sekretupean mantentzeko, eta 2026an hain zuzen ere mende erdi beteko da Gasteizko borroketatik. Gainera, aspaldi hartua du legea moldatzeko konpromisoa PSOEren Espainiako Gobernuak (azken aldiz iragan ostegunean berretsi zuen konpromiso hori Pedro Sánchezek Espainiako Kongresuan, 2025ean bertan burutuko dela ziurtatuta). Ezkortasuna, legeak 50 urteko epea luzatzeko aukera ematen duelako, berau moldatzeko tramitazioa jada bost aldiz abiatu duelako kongresuak emaitzarik gabe, eta “Martxoaren 3az gain beste gauza asko daudelako jokoan Sekretu Ofizialen Legearen moldaketan: 23Fko estatu kolpe saiakera, estatu terrorismoa...”.

Instituzioekin oro har kritiko azaldu da Díaz de Argote. Kritiko bertakoekin: “2010eko hamarkadara arte ematen zuen 1976ko grebak eta Martxoaren 3ko sarraskia ia gertatu ere ez zirela egin. Gaur egun ematen du beti egon direla hor, baina herriak badaki ez dela horrela”. Kritiko ere Espainiako Gobernuarekin: “Gaur bertan [otsailak 26] iragarri du astelehenean, martxoaren 3an, sarraskitik 49 urte beteko diren egunean, Memoria Demokratikoko Gune izendatuko duela San Frantzisko eliza. Iruditzen zait bere aurpegia zuritzeko asmoa duela gobernuak, gauza garrantzitsuagoak baititu arlo honetan egiteko: esaterako, Sekretu Ofizialen Legea indargabetzea, edo Argentinan Martin Villaren aurka irekitako kereilan laguntzea”.

Memoria eta borroka

1976ko Gasteizko greben inguruan urtetan bildutako testigantza eta material guztiak sarraskiaren lekuko izan zen Zaramagako San Frantzisko elizan eraikiko den memoriagunean nahi ditu Martxoak 3 elkarteak. Memoriagunearen patronatua 2024ko otsailean sortu zen hiru urteko prozesu luze eta korapilatsu baten ostean, Martxoak 3 elkarteak hainbat aldiz salatu du instituzioen jarrera. Patronatua osatzen dute Gasteizko Apezpikutzak (3 ordezkari), Gasteizko Udalak (3), Arabako Foru Aldundiak (3), Eusko Jaurlaritzak (3) eta Memoria Gara eta Martxoak 3 elkarteek, bina ordezkarirekin. Gutxiengo nabarmena dute herri eragileek, hortaz.

“Haiek saiatuko dira Trantsizioari gorazarre egiten, gu saiatuko gara prozesu hura ez zuritzen; haiek saiatuko dira 2006ko edo iazko Poliziaren oldarraldiak kanpoan geratu daitezen, guk barruan nahi ditugu”

“Borroka ideologikoa” aurreikusten du Memoria Garako lehendakari ere baden Díaz de Argotek, Memoriaguneak izango duen edukiaz galdetuta. “Haiek saiatuko dira Trantsizioari gorazarre egiten, gu saiatuko gara prozesu hura ez zuritzen; haiek saiatuko dira 2006ko edo iazko Poliziaren oldarraldiak kanpoan geratu daitezen, guk barruan nahi ditugu”. Martxoak 3ko monolitoaren historia ekarri du gogora: “1984an langile batzuek gauean eta klandestinoki jarri zuten monolitoa. Hurrengo goizean Polizia kentzen saiatu zen, baina ez zuen lortu zementu azkarra erabili zutelako langileek, eta ordutik bertan dago. 1984an eta klandestinoki: nola salduko digute Trantsizioaren eredugarritasuna?”.

Memoriagunea “hausnarketarako eta atzoko eta gaurko borrokak lotzeko zentroa” izatea nahi dute Memoria Garak eta Martxoak 3 elkarteek, eta Díaz de Argotek uste du hori dela, hain zuzen ere, greba mugimendu haren oroimena aldarrikatzen dutenek hobekien egin duten gauzetako bat. “Horregatik da Martxoak 3ko manifestazioa urteko handienetakoa Gasteizen, beti agertu direnak agertzen jarraitzen dute, eta jende berria doa batzen urtez urte”.