argia.eus
INPRIMATU
1976an desagertu eta hildako “Txirrita” etakidearen kasua harrotu nahi dute
  • Joxe Bernardo Bidaola Txirrita etakide tolosarraren desagertze eta heriotza ikertzen dituen liburua aurkeztu dute, egilearen opariz ARGIAk PDF formatuan hemen eskaintzen duena. Ander Lizarralde oñatiarrak bildu ditu 1976ko apirilaren 25ean Txirritarekin zihoazen lekukoen eta senideen testigantzak, azaltzeko ekintzailearen hilabeteko desagertze luzea, hilik aurkitzeko modu bitxia eta ondoren Frantziako zein Espainiako agintariek erakutsitako jokabide susmagarria.

Pello Zubiria Kamino @pellozubiria 2016ko maiatzaren 26a
23 urte zeuzkan Txirritak Sara eta Etxalar arteko mugan zaurituta desagertu zenean.

Egun hartan, igandez, ETApm-eko talde bateko hiru kide eta beraiekin zihoan mugalariak Lapurdiko Saratik Nafarroako Etxalarrera bidean Guardia Zibilekin tiroketa bat izan zuten, goizeko zortziak eta laurdenetan. Bertan Iñaki Hernandez mugalaria atxilotu zuten eta Txirrita desagertu egin zen. Taldeko beste bi kideek, Gregorio Garitaonaindia “Borda”k eta Eulogio Talavera “Tala”k ihes egitea lortu zuten. Hilabete beranduago, maiatzaren 28an agertuko zen Txirritaren gorpua Sarako Lizarieta inguruko basoan.

Ihes egitea lortu zuen Talak Berria egunkariari esan dionez, Txirritak ez zeukan zauri larririk, orpo batean egin baitzioten tiro, eta ez zuen arazorik ihesi jarraitzeko: “Sasoi galanta zeukan eta mendia oso ondo ezagutzen zuen. Iduriz, harrapatu egin zuten, mugalaria ez bezala arma batekin, eta, ez zenez larri zauritua, ez zuten zertan eraman ospitalera. Atxiki egingo zuten galdekatzeko, eta gorpu agertu zen hilabetera”. BerriaTBrako Lara Madinabeitiak kasuari buruzko bideoan Bordak dio Txirrita eroritako lekuan guardia zibila ikusi zuela, harrapatu egin zutela, alegia:

Franco hil ondoren eroritako lehenbiziko etakidea izan zen Bernardo Bidaola Txirritari kanta egin zion Urkok, “Gure lagunei” diskoaren barruan:

(Eskuratu "Txirrita" liburua PDF formatuan, Ander Lizarralde egileak doan eskainirik).