Uztailaren 18 honetan, frankisten altxamendutik 81 urte pasa direnean, Durangoko Udalak (alderdi guztien babesarekin) kereila bat aurkeztuko du gizateriaren kontrako delituen eta gerra krimenengatik. Zehazki, orain 80 urte Durango bonbardatu zuten italiar ejertzitoko 46 militarren kontra.
Pauso hori emanda prozesu penal bat irekitzea da helburua, justizia eta erreparazioa lortu eta Italiako Gobernuari legez kontrako bonbardaketa haregatik barkamena eska dezan presioa egitea. Gutxienez 336 zibil hil ziren suntsitzea eta izua zabaltzea xede zuten eraso haietan.
Jon Irazabal historialariak zuzendutako ikerketa bat argitaratu berri da, justu Durangoko bonbardaketaren 80. urteurrenean. Gerediaga Elkarteak bildu ditu 1937ko martxoaren 31tik apirilaren 4ra izandako gertaerak. Artxiboko lan handia egin da, zenbait kasutan oso zehatza. Bonbardaketetan parte hartutako ejertzito italiarreko hainbat piloturen izenak zerrendatu dituzte, eta hamar kasutan baita haien goitizenak ere.
Anaïs Franquesa Grisso abokatu katalanak aurkeztuko du kereila Durangoko Udalaren izenean, eta bertan gehituta doa Irazabal historialariak bideratutako taldeak egindako ikerketa lan osoa. Durangokoa, eta egun berean izan zen Elorriokoa, historian izan den zibilen kontrako lehen bonbardaketatzat jotzen da, eta balio izan zuten, haiek bezala Gernikakoak, Bigarren Mundu Gerrarako estrategiak eta borroka-moldeak prestatzeko.
Kereila honen bidez prozesu judizial bat ireki nahi dute. Abokatuaren kalkuluen arabera, horietako piloturen bat bizirik egotekotan 96-98 urte izango ditu. Espainiako ejertzitoaren artxiboari galdetu zaio ea 46 militar horiek 1936ko Gerran jokatutako paperagatik intsigniarik ba ote duten, eta Espainiako Ogasun eta Defentsa Ministerioari ea pentsiorik edo sari ekonomikorik jasotzen ote duten.
Gerediaga Elkarteak prestatutako txostenak kereila aurkezteko berebiziko garrantzia izan du, eta Durangoko alkate Aitziber Irigorasen hitzetan "orain espero dugu informazio horrek guztiak balio izatea kereila tramitera pasatzeko".