argia.eus
INPRIMATU
1937an Bilboren defentsan hildako sei gudariren eta milizianoren gorpuzkiak itzuliko dizkiete senideei
  • Genetikoki identifikatu ondoren, Eusko Jaurlaritzak 1937ko udaberrian hildako sei errepublikarren gorpuzkiak itzuliko dizkie beren senideei, Bilboko Gogora institutuaren egoitzan larunbatean egingo duten ekitaldian.

ARGIA @argia 2023ko otsailaren 09a
Bilboko BegoƱako hilerrian indusketa lanetan (argazkia: Irekia)

Patxi Jaka Bikandi, Jose Martin Arrieta Ikaran, Martín Fabo Colera, Ramón Crespo Ortiz, Fernando Lahera Urrutia eta Inazio Lopetegi. Sei gudari eta miliziano horien hezurrak berreskuratu ahal izan dituzte genetikoki identifikatu ondoren.

Lehenengoaren kasuan, Gamiz-Fikan atera zituzten, 2019an, Izquierda Republicanako kide zen Patxi Jakaren hezurrak lurpetik, eta Gogora institutuan dagoen DNA bankuari esker jakin dute bere berri. Beste bostak Bilboko Begoñako hilerrian 2022ko martxoan egindako indusketetan berreskuratu zituzten.

Begoñan 43 pertsona aurkitu zituzten hobiratuta, eta horietatik bosten kasuan, gudari eta milizianoek zeramatzaten txapei esker jakin dituzte izenak eta jo ahal izan dute senideengana. 1937ko udaberrian Bilboko defentsan hildako errepublikarrak dira guztiak.

Eusko Jaurlaritzak hezurrak emateko ekitaldia antolatu du larunbatean Bilbon, Gogora institutuaren egoitzan. Han izango dira, biktimen senideak ezezik, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabal, Gogora institutuko zuzendari Aitzane Ezenarro, Bilboko eta Gamiz-Fikako udaletako ordezkariak, Aranzadi Zientzia Elkarteko eta EHUko kideak, baita biktimen jaioterrietako herrietako ordezkariak ere.