argia.eus
INPRIMATU
1937an desagertu zen Andrés Jaso Osasunako futbolaria topatzeko kanpaina jarri dute abian
  • Jokalari nafarraren gorpua Asturiasko Cangas de Oniseko hobi komun batean lurperatuta egotea da familiak darabilen aukeretako bat.

     

Mikel Eizagirre 2020ko abuztuaren 07a
Andres Jaso Valentziako elastikoarekin

Andres Jaso Garderen gorpua aurkitzea da futbolariaren senide eta lagunek aste honetan abiarazitako kanpainaren helburua. Eurek diotenez, baliteke Asturiasko Cangas de Oniseko hobi komun batean lurperatuta egotea.

Andrés Jaso Garde futbolaria zen, Nafarroako Melida udalerrian 1912an jaioa. Bere kirolari ibilbidean hainbat taldetan aritu zen, hala nola, Osasunan, Zaragozan, Sabadellen, Levanten, Valentzian eta Gijongo Sportingen. Gerra Zibila hasi zenean Asturiasen zegoen, oraindik gazte zela iritsi zen arren, hura izan zen bere azken helmuga: 1937an, hegazkin-bonbardaketa batean hil zen.

"Gaur egun, ia ehun urte geroago, bere gorpuzkiak, beste askorenak bezala, oraindik ez dakigu non dauden". Bere iloba Aurea Jasok bizitza osoa darama bere bila. Gaur egun 93 urte ditu, eta haurra zenetik, ez du aitaren, haren anaia baten eta Andresen gorpuen bilaketa eten. Ikerketen ostean, "Andres aurki daitekeela uste dugu, Cangas de Oniseko hobi komun batean egon daitekeelako”. Bere gorpuzkiak aurkitzeak, azkenean, Aureari eta bere familiari, laurogei urte baino gehiago desagertuta egon ondoren, hileta duina egitea ahalbidetuko lioke.

Horrela, Aurea eta Andres izango dira kanpainaren ardatzak, baina ez aurpegi ikusgarri bakarrak. "Berarekin bat egingo lukete hainbat pertsona publikok, batez ere futbolariek, euren irudiarekin eta sare sozialetan babesa adieraziz. Osasunako jokalari ohiaren historia ikusarazten lagunduko digute, eta horrela, agian, arrasto berriren bat aurki dezakete".

Kanpaina hori abuztu osoan egingo da Iruñean eta Nafarroan, batez ere sare sozialen eta tokiko komunikabideen bidez. Irailetik aurrera, berriz,  Euskal Herriko mugetatik kanpo eragina handitzen saiatuko dira, Jasok jokatu zuen gainontzeko taldeen hirietan. Bestalde, Sadar bisitatzen duten Ligako talde guztiek ere parte hartzea da asmoa, euren kapitainei talde gorritxoko jokalariekin argazkiak ateraz, Aurea eta Andresen irudi banarekin.

Sare sozialetan zabaltzeaz gain, aurreikusita dago Andresen historia jasoko duten bi liburu argitaratzea eta ekimena azalduko duen dokumentala egitea.