argia.eus
INPRIMATU
36ko errepresaliatuei omenaldiak egingo dizkiete Azkoienen eta Azpeitian
  • Larunbatean izanen da, Azkoienen, Oroimenaren Aldeko Emakumeak elkarteak antolatuta. Beraien facebook orrian ikus daiteke egitaraua osorik.

     

ARGIA @argia 2016ko irailaren 21
Antolatzaileak Iruñean, jaialdia aurkezterako unean. Argazkia: Bertso jota rap jaialdiko antolatzaileak. Antolatzaileak Iruñean, jaialdia aurkezterako unean. Argazkia: Bertso jota rap jaialdiko antolatzaileak.

Aurora Moneok, elkarteko kideak, adierazi du "kultura borrokarako arma zibil gisa" ulertzen dutela antolatzaileek, eta hori dela medio uztartu nahi izan dituztela hiru arte adierazpideak. Oholtza gainean eginen dutena "fusioa" izanen dela esan du Belen Ordoñez jota abeslariak.

Laura Perez, rapeatzen

Ordoñez berak eta Soraya Lopezek kantatuko dituzte jotak, gaztelaniaz, bertsolariei gaiak jartzeko. Euskaraz, bertso kantari, eta bat batean, Nerea Elustondo eta Eli Pagola gipuzkoarrak ariko dira.

Hirugarren elementua rapa izanen da. Laura Perez Nafarroako Ahal Duguko idazkari nagusia igoko da tabladura. Hark kantatuko ditu propio ekitaldiari begira sorturiko rap abestiak. Bertaratuentzako itzulpen zerbitzua egonen da.18:30ean ekinen diote emanaldiari, Azkoienen; dena dela, egun osoan egonen da zer gozatua.

Ez da soilik jaialdi bat

Bestalde, jaialdiaren mamia azaldu du Carlos Martinez antolatzaileak. Haren hitzetan, biktimen aldeko ekitaldi ugari dauden arren, emakumeei maiz ez diete erreferentziarik egiten. Horregatik, erdigunean jartzea beharrezkotzat jo du.

Jaialdiaz gain, frankismoak jazarritako emakumeak omentzeko eskultura sortu dute auzolanean Azkoiengo herritarrek. Eskultura urriaren 8an jarriko dute, herrian bertan. Horregatik, larunbateko jaialdia laguntza ekonomikoa lortzeko baliatuko dute.

Azpeitian ere omenaldia 36an espetxean hildako zortzi presori

Juan Casado Lorite, Francisco Delfa Fernandez, Francisca Galvez Vazquez, Luis Palomino Gutierrez, Juan Morales Artiles, Eusebia Delgado Pérez eta Manuel Martin Martinez preso errepublikarrak omenduko dituzte datorren ostiralean, hilaren 23an,  Azpeitian. Frankistek herria hartu ondoren, bertan zabaldutako kartzelan hil ziren. "Beren etxeetatik urrun hil ziren andaluziar horiei, preso politiko horiei errekonozimendua egin nahi diegu ostiraleko ekitaldi horrekin", adierazi zuen ekitaldiaren aurkezpenean Eneko Etxeberria herriko alkateak. Ekitaldian hildakoen oinordekoak, musika eta Kirmen Uribe poeta ezaguna izango direla aurreratu du.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Javi Buces historialaria eta Juantxo Agirre Aranzadiko idazkaria.

Javi Buces Aranzadiko historialariak ikertu ditu espetxearen nondik norakoak. Beretzat oso proiektu berezia eta hunkigarria izan dela aipatu zuen: "Andaluziarra izanik, niretzat oso proiektu berezia izan da hau. Horregatik eskerrak eman nahi dizkiot Udalari". Hildakoetako lau andaluziarrak ziren, Jaen ingurukoak. Zazpi preso errepublikar horiez gain, egindako ikerketen arabera, 100 preso errepublikar inguru izan ziren Azpeitiko kartzelan, beren etxeetatik urrun.

Zazpi hildakoak osasun arazoengatik hil ziren. Azpeitiko kartzelan bertan sei hil ziren, eta zazpigarrena oso gaixorik Donostiara lekuz aldatu ostean hil zen. Hildakoetako bi emakumeak ziren. 'Azpeitia 1936-1945 liburua egiterakoan jaso zituzten datuak, eta ondoren ekin diote nor ziren eta nongoak ziren identifikatzeari: "Identifikatu ostean beren familien bila hasi ginen, eta beren jaioterriko Udal eta memoria historikoa lantzen duten Andaluziako elkarteekin jarri ginen harremanetan, eta bi familia aurkitu ditugu", adierazi du Bucesek. Bi familietako kideak izango dira ostiralean Azpeitian.

Juantxo Agirre Aranzadiko Zientzia elkarteko idazkariak adierazi zuenez elkarteak egia bilatzen du: "Eta egiak ez du mugarik: ez lurraldetasun mugarik, ez ideologien mugarik, ez eta generorik. Guk pertsonen egiak bilatzen ditugu". Omenaldia 19:00etan egingo da, anbulatorio aurrean.

(Azkoiengo omenaldiaren albistea Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC lizentzia baliatuz ekarri dugu ARGIAra)