argia.eus
INPRIMATU
1936ko Otxandioko bonbardaketaren pilotuari demokrazian emandako kondekorazioak kenduko dizkiola agindu du Espainiako Gobernuak
  • Ángel Salas Larrazabal militar frankista urduñarrak gidatzen zuen hegazkinak bonbak bota zituen Otxandioko Andikona plazan zibilen aurka, 1936ko uztailaren 22an. Gutxienez 61 herritar hil ziren. Frankismoan hainbat kargu militar eta politiko izan zituen, eta 1991n Aire Armadako Jeneral izendatu zuen PSOEren gobernuak. Gorka Elejabarrieta EH Bilduko senatariak kondekorazioak kentzeko eskatu dio Gobernuari Espainiako Senatuan, eta Angel Victor Torres Memoria Demokratikoko ministroak erantzun dio gobernuak horretarako “beharrezkoak diren pauso guztiak” emango dituela.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko apirilaren 03a
Salas Larrazabal, eta Jeneral izendatu zuen 1991ko dekretua. Irudia: @landerlandia

Astearteko kontrol saioan egin du eskaera Gorka Elejabarrietak. Gogoratu du 1936ko Gerrako zibilen aurkako lehenbiziko bonbardaketa izan zela Otxandiokoa, herria “txikituta” utzi zuena. Azpimarratu du Salas Larrazabal jenerala, behin Franco hilda, senatari izan zela 1977-1979 aldian, eta 1991n Aire Armadako Jeneral izendatu zutela, bere “aparteko merituengatik”, orduko Espainiako Gobernuko presidente Felipe Gonzálezek eta Juan Carlos I. erregeak sinatutako dekretu baten bidez. Elejabarrietak nabarmendu du egun ere eskuinak eta eskuin muturrak 1936ko Gerra garaiko krimenak ukatzen dituztela, eta Sala Larrazabali emandako "kondekorazio eta ohorezko kargu" guztiak kentzeko eskatu dio gobernuari.

Angel Victor Torres Memoria Demokratikoko ministroak erantzun dio Elejabarrietari, Europa Press agentziak jaso duenez. Salas Larrazabali izendapenak kentzeko “beharrezkoak diren pauso guztiak” emateko “konpromisoa” adierazi du, gobernuaren eta Defentsa ministroaren izenean.

Salas Larrazabal, eta Jeneral izendatu zuen 1991ko dekretua. Azpian Felipe Gonzálezen eta Juan Carlos erregearen sinadurak. Irudia: @landerlandia

Salas Larrazabal, goi militarra frankismoan eta frankismo ostean

Angel Salas Larrazabal jenerala Urduñan (Araba) jaio zen 1906an, eta ibilbide militar eta politiko esanguratsua egin zuen 1994an hil bitartean. Horrela laburbildu zuen bere bizitza Jon Irazabal Agirrek, Otxandio Gerra Zibilean (1936/1937) liburuan.

“Angel Salas Larrazabal, Jesus Salas Larrazabal historiagile militarraren anaia, 1906ko urriaren 10ean jaio zen, Urduñan. Abiazio militarreko kide zen haren 2. promozioaz geroztik; Afrikan zerbitzatu zuen, Gerra Zibilean, eta han komandante maila lortu zuen División Azul izenekoarekin, fronte errusiarrean. Espainiara itzuli zen, eta frankismo garaian hainbat kargu izan zituen: 40ko urteetan, agregatu militarra Erroman, Berlinen eta Lisboan; 50eko urteetan, Parisen, Dibisioko jeneral izatera iritsi zen, etab. Bizimodu militar aktiboari 1972an utzi zion. 1991n, Juan Carlos I.a Espainiako erregeak Kapitain Jeneral izendapena eman zion. 1994an hil zen”.

Urduñako Udalak 2016an kendu zizkion militarrari frankismo garaiko kondekorazioak, Otxandioko bonbardaketaren 80. urteurrenean, hain zuzen ere.

Santi Kapanaga otxandiarra umea zen Otxandioko bonbardaketa gertatu zenean, Andikona plazaren irudia buruan "iltzatuta" geratu zitzaion, eta 1964an koadro batera eraman zuen:

Otxandioko bonbardaketa

1936ko uztailaren 22an, frankisten altxamendutik lau egunera eta oraindik enfrentamendu militar esanguratsurik gertatu gabe zela, matxinoek Otxandioko Andikona plaza bonbardatu zuten, herritarrez lepo zegoen unean. Sarraskia abioi batek edo bik burutu zuten ez da erabat ziurra, baina bai pilotuetako bat Ángel Salas Larrazabal izan zela, bere anaia historialariak jaso baitzuen liburu batean.

Gutxienez 61 pertsona hil zituzten matxinoek. Molak bonbardaketa goraipatu zuen. Hildako 61 pertsona horietatik gutxienez 45 zibilak izan ziren, bost milizianoak eta lau soldaduak –gainontzekoen inguruko daturik ez dago–. Hildakoen artean 40 otxandiarrak ziren, horietatik 24 adingabeak, eta hamasei hamar urtetik beherakoak.

Salas Larrazabal, Berlingo Espainiako Enbaxadan lanean ari zen garaian. Argazkia: Espainiako Abiazio Militarreko Museoa