argia.eus
INPRIMATU
1936ko lubakiak kaltetu dituzte basolanek Eibarko Akondia mendian
  • Ahaztuen Oroimena elkarteak azaldu duenez, inguru horretako basolanek eragina izan dute 1936ko frontea osatzen zuten lubakien aztarnetan. Eibarko Udalak jarritako informazio panela ere txikituta aurkitu dute.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2018ko abenduaren 27a

Kalamua mendizerran kokatua, Akondia edo Arrikurutz bezala ezagutzen den mendia fronteko borrokaldi odoltsuen lekuko izan zen, toki estrategiko bihurtu baitzen errepublikarrentzat 1936 eta 1937ko neguan. Hilabete luzetan faxisten erasoaldiari eutsi zioten lubaki horietan eta Jose Antonio Agirreren gobernua horri esker antolatu ahal izan zen. Hor hildako gudari zein miliziano askoren gorpuak Elgoibarko Olasoko hilerrian daude egun, Eusko Jaurlaritzak jasotako Duintasunaren Kolunbario ondoan.

Oraindik ikusgai daude gerrako lubaki eta bunker askoren aztarnak Akondiako magal eta basoetan. Baina ondare historiko eta arkeologiko hori kaltetu dute han egindako basolanek, Markinaldean memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginean dabilen Ahaztuen Oroimena elkarteak jakinarazi duenez.

Bere Twitter kontuan zabaldutako bideotan ikus daiteke mendia soilduta eta lurra nahasita, lubaki eta babeslekuak dauden tokian:

1936ko Gerran inguru hartan bizi izandakoa gogoratzeko Eibarko Udalak jarritako informazio paneletako bat ere hautsita aurkitu dute. “Nola zaindu, nola babestu, nola uztartu, memoria duten lekuak eta basogintza lanak?”, galdetu du elkarteak.