EHUren Giza Eskubideen Unesco katedrarekin eta Aranzadi Zientzia elkartearekin batera egindako datu bilketatik Eusko Jaurlaritzak dio 1936tik 1945era 19.998 pertsona hil zirela Gipuzkoa, Bizkaia eta Araban, horietatik 5.887 gizateriaren kontrako krimena izan zirela ondorioztatu dute.
1936ko Gerran eta lehen frankismoan izandako oinarrizko eskubideen urraketen txostena aurkeztu du Eusko Jaurlaritzaren Gogora institutuak, 2016an EHUrekin eta Aranzadirekin egindako hitzarmen baten bidez osatu dute 1936tik 1945era EAEn hildako lagunen zerrenda: 19.998 pertsona hil ziren, bai borroketan eta baita atzeragoardian exekutaturik edo kartzeletan.
Ikerketaren "lehen fasea" dela azaldu du Jaurlaritzak eta emaitzak "behin behinekoak" direla. Izan ere, asko dira oraindik identifikatu gabe edo zenbatu gabe dauden hildakoak, Euskal Herritik kanpo gerran hil zirenak kasu edo erregisrtatu gabe geratu zirenak. Beste zenbaitetan, familiek badute horren berri baina erakundeek ez.
Kopuru oso horretatik gehienak frontean hil ziren, bai orduko erakunde demokratikoan defendatzen ari ziren errepublikanoen aldean, baita altxamendu faxistaren alde zeudenen artean. Hala ere, badago multzo handi bat –batez ere errepublikanoen kasuan– bonbardeketetan edo espetxeetan hildakoena edo epaiketarik gabe besterik gabe fusilatutakoena. Horiek gizateriaren kontrako krimen gisa hartu dituzte eta 5.887 lagunen kasua sartu dute kategoria horretan.
Nolanahi ere Araba,Bizkaia eta Gipuzkoako datuak baino ez ditu kontuan hartu Gogorak. Nafarroan askoz gehiago izan ziren atzeraguardian frankistek fusilatutakoak, herrialde horretan ez zen fronterik egon. Navarra 1936. De la esperanza al terror ikerketa esanguratsuaren berrargitalpenak 3.634 lagun hil zituztela dio.
Jaurlaritzak asteazkenean aurkezturiko zerrendarekin datu base bat antolatu dute, senideek biktimaren inguruko informazioa eduki dezaten. Era berean, Jaurlaritzak dei egin die gerran hildako senideren bat duten guztiei, horren inguruko lekukotasuna eman dezaten, ikerketan aurrera egin ahal izateko.