argia.eus
INPRIMATU
1936ko gerrako bi obus lehertu ditu iluntzean Ertzaintzak, Elgetan
  • Karabieta ingurua aztertzen diharduen Aranzadiko talde batek 20:00ak aldera eman du lehertu gabeko bi jaurtigai aurkitu izanaren abisua Ertzaintzan. Bertaratu eta balorazioa egin ostean koltrolpeko bi leherketa egitea erabaki dute Ertzaintzako espezialistek.

Goiena @goiena 2019ko uztailaren 10a
Kontrolpeko leherketak egiteko itxita egon den errepidea, Karabietan.

Ozen entzun dira bi eztandak herrian. Bigarrena lehenengoa baino argiago; izan ere, 22:50ak inguruan izan da. Ertzaintzak jakinarazi du 20:00ak aldera jaso dutela abisua. Karabieta ingurua aztertzen diharduen Aranzadiko boluntario talde batek 36ko gerrako bi obus aurkitu izanaren abisua eman du.

Jaurtigaiak desaktibatzen espezialistak diren agenteak bertaratu dira eta lekua zein obusak aztertu ostean kontrolpeko leherketak egitea erabaki dute. "Jaurtigaietako bat Elgeta eta Eibar lotzen dituen errepidetik gertu zegoen eta zirkulazioa moztu egin da leherketak egiteko", azaldu dute Ertzaintzako prentsa bulegotik. "Itxita egon da errepidea 21:45ak eta 22:50ak artean".

Artilleriako bi obus

Artilleriako bi obus dira gaur Elgetan kontrolpean lehertu dituztenak. Bata 155 milimetrokoa, eta bestea 100 milimetroko obus italiarra. Jon Etxezarraga askotan ibiltzen da antzerako piezak non agertuko metalezko detektagailuarekin gerra kokalekuak aztertzen. "Orain hiruzpalau aste beste bat agertu zen inguru horretan; autobus geltokiaren atzean, hain zuzen ere. 15,5 milimetroko obusa zen. Hura ere detonatu egin zuten", esan du.

Gehiago ere agertuko direla uste du Etxezarragak. "Pinudi asko ari dira botatzen eta detektagailuekin agertuz doaz lur azpian gelditutako obusak. Oso zaila da bakarrik eztanda egitea. Gehienetan sakonera handian daude eta agertzen direnean abisua pasatzen dugu. Eta Elgetan agertuko dira gehiago, nire ustez".