argia.eus
INPRIMATU
1936ko biktimen legea onartu du Nafarroako Parlamentuak
  • Ezkerrak proposatutako testuak 27 boto izan zituen alde, taldeko kidearenak eta Bildu, Aralar-NaBai, PSN eta Geroa Baiko parlamentarienak. PPNko lau kideek kontra bozkatu zuten eta UPNko hemeretziak, berriz, abstenitu egin ziren, batzordean lege proposamenari ezezko biribila eman eta gero.

ARGIA @argia 2013ko azaroaren 15
1936ko fusilatuen senideak, Nafarroako Parlamentuko gonbidatuen lekuan.

Honenbestez, 1936ko altxamendu militarraren ondorioz hildakoek eta errepresioa jasan zuten biktimek lege babesa izango dute aurrerantzean.

Parlamentuko bilkurara 1936an fusilatutako 3.400 nafarren senitartekoak batu ziren, 200 lagun inguru, eta txaloka hasi ziren bozketaren emaitza entzun orduko.

“Berandu dator, baina hobe berandu, inoiz ez baino” adierazi zuen Ezkerrako Txema Mauleonek.

Yolanda Barcinari zuzendu zitzaion gero, haren alderdiak erakutsitako jarrera salatzeko: “Erranen dizut ez zaitudala presidente deituko, ez baitzara nafar guztien ordezkari”.

Legearen alde azaldutako talde gehienak pozik agertu ziren. UPNko Javier Caballerok onartu zuen 1936ko biktimei aitorpen morala egitea “duintasun kontua” dela, eta elkartasuna agertu zien parlamentuan bat egin zuten senideei.

Halere, Ezkerrak proposatutako legea batasunaren ondorio ez zela nabarmendu zuen, eta “lege horretatik at utzi nahi izan gaituzte” erantsi. PPNko parlamentari Eloy Villanuevak ere beste horrenbeste esan zuen.