Nafarroako Ezkabako kartzelan espetxeratu ondoren erail zuten Creagh, beste hogei presorekin batera.
Jose Creagh Lécaroz sindikalistaren gorpuzkiak eman dizkiete haren senideei. Creagh 1914an jaio zen Sevillan, eta 1934ean kondenatu ondoren, Nafarroako Ezkabako presondengian espetxeratu eta fusilatu zuten 1936an. 2022ko martxoan lurpetik atera eta identifikatu ondoren, haren gorpuzkiak familiari eman dizkiote Berriozarko udal hilerrian astelehenean egindako ekitaldian.
Nafarroako Gobernuak adierazi duenez, Creagh eta beste hogei presoak 1936ko urrian izandako ihesaldi saiakera batengatik hil zituzten. Ondoren, haien gorpuzkiak Berriozarko hilerrira eraman zituzten.
Jose Creagh Lecarozen iloba Carlos Creaghek gorpuzkiak ematea eskertu du, eta 1936an eraildutakoen oroimena gordetzeko egindako lana aitortu du.
Creaghen gorpuzkiak familiari eman dizkiote Nafarroako Gobernuko presidenteorde eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara kontseilari Ana Ollo buru izan duen ekitaldian. Han izan dira, besteak beste, Legebiltzarreko kideak, tokiko agintariak eta memoria elkarteetako ordezkariak.
Ollok gorpuzkiak familiei ematea ahalbidetu dutenen lankidetza aitortu du. Halaber, gizarte anitz eta demokratiko batean lanean jarraituko duela azpimarratu du.
Gorpuak hobitik ateratzea eta gorpuzkien entrega Nafarroako Memoria Institutuaren planaren barruan dago. 2015etik errepresio frankistaren biktimen 155 gorpu atera dituzte hobitik dagoeneko.