Irungo tren geltokian, Aduanaren eraikinaren atzealdean dagoen Pequeña Velocidad pabiloiak zutik jarraituko du, 1936ko gerraosteko giltzapetze-sistema beldurgarriaren lekuko gisa, talde memorialisten borrrokaren ondorioz. Pabiloia frankistek erabili zuten 1936tik 1942ra, Bidasoako mugatik itzultzen ziren iheslari errepublikarrak sailkatu eta beste toki batzuetara bideratzeko, eta Gipuzkoan kontserbatzen den gerra garaiko kontzentrazio esparru bakarra da.
Irungo Pequeña Velocidad pabiloiaren etorkizuna zalantzan zegoen, Espainiako Gobernuak pasabide bat eraikiko baitu bertan, Topo-aren tren geltoki berria Irungo hiriarekin lotzeko. Baina Eusko Jaurlaritzarekin sinaturiko hitzarmen baten ondorioz, proiektua birmoldatu egingo dute, 1936ko Gerran kontzentrazio esparru bezala erabilitako ondare historiko hori mantentzeko.
Astearte honetan eman dio argi berdea Espainiako Ministroen kontseiluak hitzarmenari; guztira 7,7 milioi euroko kostua izango du pasabidearen obrak, hasieran aurreikusitakoa baino 800.000 euro gehiago, eta Irungo Udalak, Adifek eta Eusko Jaurlaritzak finantzatuko dute.
Talde memorialistek garaipen gisa hartu dute pasabidearen proiektua aldatu eta pabiloia ez eraistea: “Baikortasunez eta oroimenez jaso dugu albistea”, azaldu du Kepa-Ordoki - Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak. Proiektuaren berri lehen aldiz 2018an izan zuten, Via Irun egitasmoaren barruan jasota zegoelako, eta ordutik, zazpi urtez borrokan jardun dute.
Bide horretan, 2022an elkarte horrek aldarrikatu zuen “esparrua mantentzea bertatik igarotako milaka presoen duintasuna mantentzea” zela, pabiloia “oroimen demokratikoaren gune” izendatzea eskatu zuen, eta mozioa ere sustatu zuen Irungo Udalean, Nicolas Guerendiain Irungo Errepublikarrak elkartearekin batera, urtebeteko moratoria baten alde. Baina udalbaltzak beste mozio bat onartu zuen, eraikinaren “elementu adierazgarriaren bat” mantentzea eskatzen zuena soilik.
Kepa Ordoki – Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak ohar bidez azaldu duenez, duela gutxi Irungo Udalak esan zien eraikinaren bi heren mantenduko zirela; orain jakin berri dute proiektuak bere horretan osorik utziko duela azkenean.
"Borondateen auzia izan da", azaldu dio elkarte horretako Peli Lekuonak, Antxeta Irratian Koldo Nausiari. Bere esanetan, Jose Antonio Santano Irungo alkate zen garaian "oso garbi" zuten trenbide eremuko eraikin guztiak eraitsiko zituztela; baina oraingoan "memoria urbanismoari gailendu" zaiola dio.
Irun, kontzentrazio esparru handi bat mugan
Erabakia ez da nolanahikoa, izan ere, kontzentrazio esparruen paisaia frankista izugarriaren pieza garrantzitsua zen Irungoa, mugaren ondoan egonik, estrategikoa zelako iheslari errepublikarrek jasango zuten errepresioaren katearen hasieran. Espainiako Estatu osoko kontzentrazio esparruetan gutxienez 700.000 lagun eduki zituzten preso edo lan-batailoietan esklabo, eta haietatik milaka asko Irundik pasa ziren lehenik.
Pequeña Velocidad Irungo Aduanaren etxearen atzealdean 1882az geroztik eraikitzen joan ziren pabiloietako bat zen. Garai hartako trenbide sisteman abiadura “handiko” eta “txikiko” trenak zeuden, eta hortik datorkio izena.
1936ko Gerran Irunen atxikitze-toki gehiagotan ere giltzapetu zituzten errepublikarrak, hala nola Real Unión taldearen Stadium Gal futbol zelaian, Irungo espetxean, Elgorriaga txokolate fabrikan, Behobian edo Hilaturas Ferroviarias fabrikan –emakume eta haurrak entzerratzen zituzten bertan–. Baina toki horiek guztiak ixten joan ziren bitartean, Pequeña Velocidad kontzentrazio esparrua erabiltzen jarraitu zuten 1942. urtera arte.
Ascension Badiola historialariak, kontzentrazio esparruen inguruko bere tesian dio Irungo Pequeña Velocidad izan zela Espainiako epe luzeko kontzentrazio esparruen sarearen barruan Gipuzkoan zegoen bakarra; Tolosako eta Donostiako zezen plazetan ere zabaldu zituzten antzekoak 1939an, baina behin behinean eta denbora laburrean.
“Ez egoan nun etzin”
Nicolas Guerendiain elkartearen txosten batean, esparru hartatik igarotako hainbat lekukotza jasotzen dira. Esaterako, Jose Maria Etxaburu Kamiñazpi idazle eta euskaltzaina pabiloi horretan izan zen, eta hala dio Neure lau urteko ibillerak liburuan: “Apaldu ostean geltoki bertako Pequeña Velocidad’eko almazenera eroan ginduezan iru lengusuok. Frantzia’tik igaroten ziran gizonezko guztiak toki aretara eroaten zituen. (…) Jende asko egoan almazenean. Jakiña, ez egoan nun etzin; eta batzutan zutiñik ta bestetan bultoren baten gaiñean jarrita”.
Bestelako dokumentuak ere biltzen ditu txostenak: “[Diruaren] zati handiena janarian gastatu dut, hamar hilabetez pilatutako gosea bainekarren”, dio Tomás Valetin Ramosek Irundik bere familiari bidalitako gutun batean. 20 urte besterik ez ditu eta aurretik Gurseko kontzentrazio esparruan izan dute preso sei hilabetez. Mexikora emigratzeko aukerarik gabe, 1939ko uztailean muga gurutzatu eta bere burua frankistei entregatzea erabaki zuen.
Bigarren Mundu Gerra hasi zenean, Ipar Euskal Herria eta Frantzia osoa nazien eskuetan zela, asko izan ziren Espainia frankistara itzultzea beste erremediorik izan ez zuten erbesteratuak. Irunen Pequeña Velocidad pabiloian lehen “bahetze” bat egiten zitzaien, hortik trenean pilatuta beste kontzentrazio esparruetara bideratzeko, Espainiako Estatuko handienetakoa zen Miranda de Ebrokora kasu.
Pequeña Velocidad kontzentrazio esparruko argazki ugari kontserbatzen dira, giltzapetutako pertsonen irudiekin. Nicolas Guerendiain elkartearen esanetan, haien memoria dago jokoan: “Ikusi zituzten horma berak, jasan zituzten umiliazioak, eman zituzten pausuak, dena galdu zutenen begiradak, eta besoa jasota agurtzera derrigortutakoak. Irudietan bizirik dagoen sakrifizioaren aldare hori gure ondare historikoa da, eta inork ez du eskubiderik eraisteko”.
Hemendik aurrera zer?
Kepa Ordoki - Memoria Historikoa Bidasoan taldeko Peli Lekuonak Antxeta Irratiari azaldu dionez, hurrengo urratsak eraikina atondu eta "lehenbailehen" Oroimen Demokratikoko Leku izendatzea izan behar lukete.
Aduana duela hamarkada batzuk itxi zenez geroztik erabili ez denez, pabiloia egoera oso txarrean dago eta sendotze lanak behar ditu; aurrera begira interpretazio zentro bat jartzea da euren helburua, Lekuonaren arabera: "Irungo lau kontzentrazio esparru frankisten artean garrantzitsuena izan zen eta zutik mantentzen den bakarra, ez da Irungo historia kontu bat, estatu mailako babesa behar du".