argia.eus
INPRIMATU
1936an fusilatutako Osasunazaleak omendu zituen Sadar Bizirik-ek Iruñean
  • Osasunzalearen Eguna ospatu zuten igandean Iruñeko Burgoen plazan eta bertan Andrés Jaso, Fortunato Agirre, Ramón Bengarai, Eladio Zilbeti eta Natalio Cayuela omendu zituzten. Bostak izan ziren Osasuna futbol taldearen sortzaile, zale edo jokalariak eta bostak fusilatu zituzten 1936ko altxamendu frankistan.

ARGIA @argia 2019ko azaroaren 04a
@josezubillaga @josezubillaga

Ehunka pertsonak bat egin zuten Osasunako Sadar Bizirik ekimenak egindako deialdiarekin eta bertan izan ziren, halaber, fusilatuen senideak. Hauei lore sortak eskaini zizkieten eta Iruña Taldeko dantzari batek aurreskua dantzatu zien.

Egindako hitzaldian, fusilatutakoen izaera herritarra azpimarratu zuten eta goraipatu ere egin zituzten, esanez Osasunaren aldekoak izateaz gain, justizia, euskara eta askatasunaren aldekoak ere bazirela: “Jende aurrerakoia zen”. Halaber, talde memorialistek egindako lana ere gogoan izan zuten, pertsonen historia asko berregiteaz gain, gertaera lazgarrietatik 80 urtera “fusilatutakoen oroimena gaur egunera bizirik mantentzea lortu dute”.

Eszenatokiaren aurrean eserita zeuden senitartekoentzat hitz goxoak izan zituzten, eta haiek urte hauek guztietan jasandako sufrimendua ere ekarri zuten gogora. 1920an Osasunak mendeurrena beteko du eta urtean zehar ohorezko sake bat haientzat izatea eskatu zuten.

Iruña Taldeak eskainitako dantzekin amaitu zen ekitaldia eta ondoren kontzertua izan zen. Eguraldiagatik, puzgarriak Mañuetako frontoira eraman zituzten. Osasunak Alaves taldearen aurkako derbia jokatu zuen atzo arratsaldez –4-2 gorritxoen alde– eta talde arabarraren zale ugarik ere parte hartu zuen ekitaldian.