Oraindik ere 36ko Gerraren memoriak sarri jasotzen ditu haginkadak orduko borreroen oinordekoen aldetik. Azken horietako bat Eulateko Felix Goyaren monolitoak jasandakoa da. 1936an atxilotu eta hil zuten frankistek 51 urterekin, eta oraintsu hiltzaileen ondorengoek berriz egin diote eraso haren memoriari.
Oraintsu jakin dugunez, duela aste batzuk ohartu ziren senideak Felix Goyari jarritako monolitoari eraso egin ziotela. Monolitoa 2012n jarri zuten haren bilobek Eulaten, Urbasa azpian kokatutako herrian, udalaren baimenarekin, eta hantxe egin zioten omenaldia ere.
Felix Goya Martina Ruiz de Galarretarekin ezkondu eta Eulaten bizi ziren. 1936ko abuztuan, Nafarroan izaten ari zen errepresio bortitza kontuan hartuta, eta heriotza mehatxua gainean, herritik ihes egin beha izan zuten beren 16, 13, 10 eta 7 urteko lau semeekin, eta 4 urteko eta 10 hilabeteko bi alabekin. Pasatu ziren aste batzuk Tolosara iritsi aurretik han hemengo baserrietan egonda, eta Tolosara heltzean, herria hartuta zuten karlistek atxilotu egin zuten.
Bi hilabete Tolosan preso izan ondoren, azaroan Donostiako Ondarretako espetxera eraman zuten beste 19 presorekin batera. Gerora jakin izan dutenagatik, handik bi egunera denak hil zituzten Donostian. Beste milaka pertsonekin gertatu den moduan, Felix Goyaren arrastorik ez da agertu gaurdaino.
“Gorriak errudun”
1936ko abenduan Martinak gobernadore zibilaren baimena lortu zuen bikotearen seme-alaba gazteenekin Eulatera itzultzeko, baina nafar agintari berriek senarra harginak altxatutako etxea bahitu zioten, eta amaordearen etxera jo behar izan zuen emazteak. Nahikoa ez senarraren hilketarekin, eta handik aurrera haren heriotza frogatu beharko zuen, senarra hilda edo bizirik egotea ez baitzen berdina bizimodua aurrera ateratzeko. Hainbat saio egin behar izan zuen haren heriotza agiria lortu arte.
Horietako batean, 1938an, Martinak agiri eskaera egin zion Estellerriko Inkautazioetarako Epaile Beraziari, eta hark erantzun zion familiak egiaztatu behar zuela 1936ko azaroaren 14tik 15erako gauean Ondarretan hil zutela.
Martinak, beraz, eskaera zuzendu zuen Donostiako Ondarretako kartzelara, eta erantzun ezin gupidagabea jaso zuen espetxeko zuzendariaren aldetik: “Felix gorri-separatistek atxilotu zuten eta kartzela honetan espetxeratu (...), baina establezimendu honetan ez dugu gorrien garaian izandako atxilotuen aurrekaririk, Tropa Nazionalen erasoaren ondorioz gorriek ihes egin zutenean, artxiboak eta fitxategiak suntsitu zituztelako”.
Handik denbora batera, eta direnak eta bost iragan ondoren, azkenean lortu zuen Martinak senarraren heriotza agiria. Hamarkadak geroago Felix eta Martinaren bilobek oroimen monolitoa eraiki zioten Eulaten aitonari. Eta oraintsu, beste behin ere, borreroen oinordekoek Goya-Ruiz de Galarreta familiaren oroimena kolpatu dute. Baina azken kolpe honek balio izan du, halaber, Martina eta Felixen urratsak lerrootara ekarri eta haien memoria ostera ere pizteko.