argia.eus
INPRIMATU
1936an Bastidan fusilatutako hamabi errepublikazaleak omendu dituzte
  • 1936ko azaroan frankistek hamabi errepublikazale hil zituzten Bastidan, eta errepide ondoko hobi batean lurperatu. 1980an desobiratu zituzten gorpuak, eta igandean hildakoen oroimena eta duintasuna erreparatzera bidean beste pauso bat emanez, omenaldi ekitaldia egin zuten. Bertan parte hartu zuten, besteak beste, Bastidako Udalak, Gogora institutuak eta Eusko Jaurlaritzak.

ARGIA @argia 2022ko azaroaren 07a
Argazkia: Labastida 1933

Nicolás Martínez de Sojo Bastida, Félix Urrecho Ruiz, Leopoldo González Izarra, Ismenio Moneo Tordomar, Francisco Sanjuan Melchán, Braulio Antón García, Vicente Rojas Carboneras, Felices del Campo Ábalos, Juan Martínez Ábalos, Martín Ramírez Apilánez, Ceferino Sagredo Hermosilla eta Cipriano Sagredo Hermosilla. Espainiako II. Errepublika babesteagatik 1936an Bastidan (Arabar Errioxa) fusilatutako hamabi errepublikazaleen izenak dira. Judizioz kanpo hilak eta errepide bazterreko hobi batean lurperatuak izan ziren urte hartako azaroaren 6an, eta hantxe ehortzirik egon ziren beren gorpuak, harik eta 1980an hamarkadan desobiratu zituzten arte. Fusilatuen familiak, gizarte zibilak eta La Barranca elkarteak bultzatu zuten desobiratzea, eta behin hori egindakoan, San Vicente de la Sonsierrako hilerriko panteoi batean lurperatu zituzten hamabi fusilatuen gorpuak.

Biktimak omendu eta horien oroimena berreskuratzera bidean beste pauso bat eman zuten igandean, Bastidan fusilatutakoen oroimenez-1936 ekitaldiarekin. Eusko Legebiltzarrak hobia duintzeko emandako agindua betez antolatu zuten ekitaldia Bastidako Udalak eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak, eta bertan parte hartu zuen Eusko Jaurlaritzak ere, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaren ordezkaritzarekin. Sailburuaren hitzetan, Bastidako hobia duintzeko ekitaldia askatasunaren, demokraziaren eta justizia sozialaren defentsaren sinboloa da. "Familiaren memoria herri honen memoria kolektibo eta instituzionalaren parte izatera igaro da: hobia duinduz, haren duintasuna eta guztion duintasuna itzultzen jarraitzen dugu", adierazi zuen.

Ekitaldia

Bastidako Kultur Etxean eman zioten hasiera ekitaldiari, bideo baten emanaldiarekin. Bideoak fusilatuen familietako kideen eta desobiratzea bultzatu zuten zenbaiten testigantzak jasotzen zituen, azalduz nola gauzatu zuten gorpuen berreskuratzea eta zer izan zen eurentzat hura guztia bizitzea.

Bideoaren ostean, Bastidako alkate Laura Pérezek hartu zuen hitza, bertaratutakoei ongietorria eginez, eta 36ko azaroan fusilatutako errioxarren memoria berreskuratzearen garrantziaz mintzatuz. Jesús Ángel Cámara, Errioxan Memoria Historikoa zaintzeko La Barranca elkarteko kideak eta Nicolás Sojo Gómez, 1936an fusilatutako Nicolás Martínez de Sojoren bilobak ere hartu zuten hitza alkatearen hitzartzearen ondotik.

Artolazabalek ere hartu zuen hitza, eta ondoren Iñigo Arregi eskultorearen Duintasuna eskulturaren erreplika bana banatu zien fusilatuen senideei.

Hitzari tokia eman ostean, Bastidatik Rivas del Teresoraino doan errepidearen bazter batera abiatu zen ekitaldia, hobia kokatuta zegoen tokira. Bertan, fusilatuta hildako Martin Ramirez Apilanezen eta Braulio Antonenen bilobek, Alejandro Bayonak eta Jose Luis Antonek, hamabi fusilatuen izenak grabaturik dituen plaka desestali zuten. Plaka hobia zegoen tokian kokatu da, eta QR kode bat dauka izenen ondoan, hobiaren gaineko informazioa jasotzen duen web-orri batera bideratzen duena bisitaria; hilketen inguruabarrei, gorpuzkiak berreskuratzeko prozesuari eta ondorengo lurperatzeari buruzko informazioa aurkitu daiteke.

Ekitaldiari akabera emateko, ohorezko aurreskua eta lore-eskaintza egin zituzten.

Labastida 1933 proiektuak 1936ko fusilamenduen eta ekitaldiaren gainean ere idatzi du bere webgunean, eta igandeko ekitaldiaren bideoa zabaldu du sare sozialetan: