1936-1939ko gerra bitartean erbesteratutako nafarren errolda publiko egin du Memoriaren Nafarroako Institutuak. 1.200 pertsona baino gehiagoko zerrenda da, Josu Chueca historialariak jasotakoa. Erbestea Proiektuaren baitan, txosten bat osatu dute 1936az geroztik mugetan ezarri zituzten kontrolak aztertzeko.
1936ko kolpe militarraren ostean erbestera jo behar izan zuten nafarren (Nafarroan jaio edo bertan bizi zirenen) erroldaren lehen bertsioa publiko egin du Memoriaren Nafarroako Institutuak. Josu Chueca Historia irakasleak osatu du errolda (hemen irakurgai ARGIAn idatzi izan dituen artikuluak). Gaur egun 1.200 izen baino gehiago jasotzen ditu eta proiektuaren sustatzaileek nabarmendu dutenez, "aukera ematen du erbestearen alde kuantitatiboa eta kualitatiboa sakontzeko eta memoria historikoaren mugimenduan baztertu xamar egon den gai hau hobeto ezagutzeko".
Erroldaren lehen bertsioak azaltzen duenez, erbestera jo zutenen profila azalduko du ikerlanak, eta datu horiek guztiak aurrerago egingo dira publiko: errepublika garaiko lan egoera eta alderdi politiko edo sindikatuetan izen emanda zegoen, 1939an zein adin zeukan, zein urtetan jo zuen erbestera, eta frogatu ahal izan denen kasuan zein lurraldetan bizi izan zen erbestean.
Erbesteratuen lan honen baitan, txosten bat ere egin du Gutmaro Gómez Bravok, zeina den Gerraren eta Frankismoaren Ikerlari Taldeko zuzendaria. Bertan jaso ditu Nafarroako mugetan sortzen joan ziren sareak eta ibilbideak, batez ere gerra-ostetik 50eko hamarkadara arte. Batez ere iturri militarrak aztertu ditu horretarako, 2018an desklasifikatuak izan ziren Ávilako Artxibo Militarreko dokumentuak, Mugazgaindiko Informazio Unitateak eta barne informaziorako buletinak, besteak beste.