19,2 mila milioi dolar ordaindu beharko ditu Chevron-Texaco enpresa estatubatuarrak Ekuadorreko justiziak ebatzi duenez. Argentinako justiziak berriz, bertan dituen ondasun guztiak bahitu dizkio. Epaileen arabera, 1972tik 1992ra bitarteko isuriak nahita egin zituen enpresak, gastuak murrizteko helburuarekin. Txernobyleko, Mexikoko Golkoko edo Exxon Valdezeko kasuetan ez bezala, ez zen "istripu bat" izan, kontzienteki egindako zerbait baizik. Enpresak Ekuadorreko Amazonasen zuen planta 1992an itxi egin zuen.
Munduan gutxitan ikusi dira horrelako epaiak eta 1993an hasitako prozesuak amaiera hurbil duela dirudi. Chevron-Texaco petrolio enpresak Ekuadorreko Amazonaseko oihanera milioika tona material kutsagarri botatzeagatik 19,2 milioi euroko ordainsaria eman beharko die bertan bizi diren 30.000 indigena eta kolonoei. Haien abokatuek berehala ekin diote diru hori kobratzeko tramiteak martxan jartzeari, ez Ekuadorren (konpainiak jada ez baitu aktiborik han), baizik eta Brasilen, Kolonbian, Kanadan eta Argentinan, esaterako.
Argentinan tramiteek emaitzak eman dituzte eta joan den azaroaren 7an enpresaren ondasun guztiak bahitu zituen epaitegiak. Konpainia kutsatzaileak trikimailu mordoa erabili zuen. Lehenik eta behin AEBetara eraman zuten epaiketa, gero berriz Ekuadorrera ekarri zuten, bertako epaileak erosten saiatu ziren... Alferrik, ordea. Oraingoan Ekuadorreko herriak egindako indarrak emaitzak eman ditu.
1972an hasi zen guztia, Ekuadorreko Amazonasera lehen petrolio upela iritsi zenean. Orduz geroztik, Chevron-Texaco enpresak bere arauak ezarri zituen lurralde horretan. Fabrika eraiki eta Amazonaseko urak zikintzen hasi zen. Bertako biztanleek ibaietan jolasten zuten, ehizatu, arrantzatu... Enpresak berehala egin zituen lehen isuriak. Bertako biztanleek uraren gainean zetorren gauza beltz hura zer zen ez zekiten. Ibaiko uretan jolasten eta bainatzen jarraitu zuten, baita hango ura edaten ere, ez baitzekiten ura kutsatuta zegoenik. Gaur egun Ekuadorreko minbizi tasarik altuena duen eskualdea da inguru hori.