argia.eus
INPRIMATU
1917ko iraultza sozialista gogoratzeko batzordea sortu dute
  • Errusian duela mende bat izandako gertaerak gogoratu eta aldarrikatzeko ekimena aurkeztuko dute martxoaren 25ean Barakaldon. Antolatzaileen esanetan iraultza hura "funtsezko erreferentea" izan zen.

ARGIA @argia 2017ko martxoaren 22a

XX. mendean eta gaur egun oraindik eragin nabarmena duen gertaera historiko baten mendeurrena gogoratzeko urtea da honakoa: 1917an Errusian izandako iraultza sozialista. Munduko txoko askotan ari dira zeregin horretan eta Euskal Herrian K17 batzordea sortu dute horretarako, Berreskuratu 17a! lelopean.

Ekimenaren sustatzaileek azaldu dutenez batzorde "anitza eta irekia" da eta gertaera haietatik irakaspenak ateratzea eta oraindik ere "eraldaketa sozialerako" baliagarria ote den hausnartzea izango dute helburu, besteak beste. Hainbat galdera iradokitzaile plazaratuz antolatzaileek nabarmendu dute gertaera horiek ezinbesteko izan zirela "langile eta herri zapalduen askatasunerako".

Martxoaren 25ean egingo dute aurkezpen ofiziala, Barakaldoko Herriko plazan, eguerdiko 12:00etan. Antolatzaileek gaian interesa duen orori eskatu diote aurkezpenera azaldu, parte hartu eta ekarpenak egiteko, hemendik aurrerako egitaraua osatzen joateko.

Hilabete honetako LARRUN, 1917ko errusiar iraultzaz

ARGIAk argitaratzen duen Larrun pentsamendu aldizkariaren azken alean, hain justu, 1917-2017 mendeurrena landu dugu. Iraultza aurreko giroa azaltzen duen kronikaz gain, Josep Fontana historialariak gertaera horien inguruan Bartzelonan emandako hitzaldi esanguratsu bat ekarri dugu gurera, XX. mende osoan eta gaur egun duen eragina aztertu aldera.