Nafarroako ipar-ekialdeko eskualde honetan lau pertsona bizi dira kilometro koadroko, Erkidegoaren batez bestekoa baino hamabost aldiz gutxiago. Biztanleriaren zahartze larria eta zerbitzu publikoen gabezia dira zonaldeko kezka nagusiak.
Foru Parlamentuak azkeneko bi legealdietan martxan jarri duen Nafarroako Pirinioetako despopulatzeari aurre egiteko planari jarraipena emango dio. Horixe ondorioztatu daiteke Erkidegoko azaleraren %10 hartzen duen zonalde horretaz arduratzen den batzorde espezifikoaren berrespenetik. EH Bilduko Mikel Zabaleta izango da lehendakaria, Contigo-Zurekineko Daniel López lehendakariordea eta Geroa Baiko Pablo Azcona idazkaria. Arazo demografiko hau aintzat hartuz, parlamentuan onartutako konpromisoak lurralde “berezi honen larritasuna” kontutan hartuko dituen berezko “ikuspegi eta politiken beharra” aitortzen du.
Lan talde berriak 2018an Nafarroako Ekialdeko Pirinioen egoeraren inguruko ikerketa soziologikoa oinarritzat hartuko du. Datuek agerian utzi zuten eskualdearen arazo demografikoa: 1900ean 18.000 pertsona bizi ziren Nafarroako ipar-ekialdean, gaur egun, ordea, 3.600 inguru. Honen arabera, biztanleriaren galera Foru Erkidegoko handiena da.
Izan ere, Pirinioetakoa da Nafarroan 1999tik 2009ra biztanleak galdu zituen eskualde bakarra, %6 zehazki. Horri gehitu behar zaio biztanleak oso sakabanatuak daudela, zeren eta Pirinioetako ibarren dentsitatea kilometro koadro bakoitzeko lau biztanlekoa baita, Nafarroa osoaren batez bestekoa 60koa den bitartean. Hau da, ipar-ekialdean datu hau hamabost aldiz txikiagoa da.
Gainera, txostenak dio herrietako biztanleen batez besteko adina “oso altua” dela, eta “nabarmena da gehiegizko zahartzea”, hau da, 80 urtetik gorakoen biztanleria. Hau bereziki esanguratsua da 80 urtetik gorako emakumeen artean, populazio guztiaren %12tik gora osatzen baitute.
Pirinioetako eskualdea, gainera, Nafarroan gazte-portzentaje txikiena duen eskualdea da. 1998an, biztanle gazteak 1.216 ziren; 2007an, berriz, 867, eta gaur egun, soilik 600 inguru. Txostenak zerbitzu gabeziak aipatzen ditu honen guztiaren arrazoi nagusi gisa. Esate baterako, hezkuntzari dagokionez, nabarmena da ikastetxeen itxiera: hamahiru zeuden 1990ean eta zazpi, berriz, gaur egun. 1850ean, herri bakarra ere ez zegoen eskolarik gabe; 1982an, berriz, hiru herri zeuden; egun, hamabost daude.
Gauzak horrela, Chiviteren Gobernuari zerbitzu publikoak indartzeko premiatzea eta helburu hori lortzeko neurriak ezartzen direla behatzea izango dira batzordearen eginkizun nagusiak.