Bilboko Langile Autodefentsa Sareak 2020an Limpiezas Arana – Fernández Aguilar garbiketa enpresarekin abiatutako gatazkaren harira, zazpi pertsona daude inputatuta, derrigortzeen delitu jarraitua gauzatu izana leporatuta. Orotara, 19 urte arteko espetxe zigorra eta 82.000 euro eskatzen dizkiete Fiskaltzak eta akusazio partikularrak. Errepresio kasua salatu eta prozesu judizialaren gastuei aurre egiteko Korapiloa Askatu kanpaina dute martxan.
2020ko azaroa akaberan abiatu zuen Bilboko Langile Autodefentsa Sareak Limpiezas Arana – Fernández Aguilar garbiketa enpresarekin gatazka, "kontraturik gabe eta egoera zaurgarrian zegoen langile migratu" batek jasandako gehiegikerien aurrean enpresari hainbat exijentzia helarazi zizkiotenean. Enpresak eskakizunei entzungor egin zienez zenbait astez luzatu zen gatazka, eta egoera horretan, "enpresaren abusu sistematikoak" ikusarazteari ekin zion sareak, mobilizazioen zein informazio-mahaien bidez. Enpresako jabeak salaketa jarri zuen beraien aurka, eta enpresak Bilboko Uribarri auzoan duen egoitzaren parean egindako mobilizazioetako batean Ertzaintzak zenbait kide identifikatu zituen, megafonoz hitz egiteagatik edota esku-orriak banatzeagatik. Tarte gutxiren bueltan, beste zenbait kidek zitazio judizialak jaso zituzten, mobilizazioetara deia egin edota hedabideei elkarrizketak eskaintzeagatik. Aste batzuen buruan, otsailaren 22a eta 25a artean, sei kide atxilotu zituen Espainiako Poliziak, langilea barne.
Atxiloketokin abiatutako prozesu judizialean zazpi kide deitu zituzten deklaratzera, derrigortzeen delitu jarraitua gauzatu izana leporatuta. Berriki jakinarazi dute zazpi pertsona horiei Fiskaltzak eta akusazio partikularrak eskatzen dieten zigorra: 19 urte arteko espetxe zigorra –2 urte eta bederatzi hilabete bakoitzari– eta 82.000 euro. Auzipetuek enbargatuta dituzte kontu korronteak eta nominak.
Jasaten ari direna errepresio politikoa dela azpimarratu, eta irakurketa egin dute: "Jakin badakigu errepresio politikoa burgesiaren interesak bermatzeko helburuz estatuak aplikatzen duen aparatu hertsatzailea dela eta honen botere hegemonikoa zalantzan jartzen duten antolakundeen aurrean erabiltzen dela. Errepresio-mekanismoak, hala nola isunak, identifikazioak, jarraipenak, kontrolak, atxiloketak eta baita espetxe zigorrak ere, indartu egin dira azken urteotan estatuaren deriba autoritarioaren eskutik, baina argi daukagu ez direla elementu berriak gizarte kapitalistan. Errepresioa ezinbesteko arma da klase zapaltzailearen boterea iraunarazteko, borrokak ahultzeko eta kriminalizatzeko".
Jasaten ari diren errepresio bistaratu eta prozesu judizialaren gastuei aurre egiteko Korapiloa Askatu dinamika dute martxan.