Azken hamarkadan lehen aldiz, Espainiako Gobernuak diru gehiago bideratu du militarren aurrekonturako: zehazki, 18.776 milioi euro gehiago. Iazko datuekin alderatuta, %32koa da gorakada; BPG Barne Produktu Gordinaren %1,64. Delàs Ikerketa Zentroak eginiko txostenak argitu duenez, Espainiaren egiazko kostu militarra Ogasun Ministerioak zabaldutako kopurua baino hiru aldiz handiagoa da.
Apirilean, Cristobal Montoro Ogasun ministroak Estatuko Aurrekontu Orokorrak aurkeztu zituenean, gastu militarra 5.758 milioi eurokoa izango zela zehaztu zuen. Horrez gain, programa berezietarako. 1.818 milioi euro erreserbatuko zituztela ere esan zuen. Laburbilduz, aurtengo gastu militarra 7.578 milioi eurokoa izango zela iragarri zuen Espainiako Gobernuak.
Delèsek adierazten du operazio militarretarako izango diren gastuak ez daudela behar bezala zehaztuta: txostenaren arabera, programa berezietara bideratutako diru kantitatea aurrekontu orokorren barruan sartu du Espainiako Gobernuak, ohiko prozesua albo batera utziz. Izan ere, gehigarri horiek aurrekontu orokorretatik kanpo egon behar dira, urtean zehar Ministro Kontseiluak onartu ahal izateko. Lehen unetik, gardentasun falta “nabarmena” dela adierazi dute Pere Ortega, Xavier Bohigas eta Xavier Mojal egileek.
Hala ere, datu susmagarriena kanpo operazioko kostuetan aurki daiteke: Espainiako Gobernuak dio urtero 14,3 milioi euro bideratzen direla Espainiatik kanpoko ekimenetara; ikerketaren arabera 800-1.000 milioi eurokoa da diru partida hori. 1998 eta 2016 urteen bitartean, guztira 36.500 milioi euro bideratu dira jardun horietarako.