argia.eus
INPRIMATU
187 herrialde agertu dira Kubako blokeoa amaitzearen alde, eta soilik bi kontra: Israel eta AEB
  • Nazio Batuen Batzar Nagusian onartu dute AEBek Kubari ezarritako blokeoa amaitzeko ebazpena: aldeko 187 boto izan ditu, aurkako bi (AEB eta Israel), eta abstentzio bat (Ukraina).

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko azaroaren 03a
Blokeoarekin amaitzeko ebazpenaren emaitzak. // Argazkia: NBE

Kuban sei hamarkada baino gehiagoz ezarritako blokeo ekonomiko, komertzial eta finantzarioari amaiera emateko eskatu dio Nazio Batuen Erakundeak AEBetako Gobernuari. New Yorken egin duten Nazio Batuen Batzar Nagusiaren (AGNU) 78. bilkura-aldiko osoko bilkuran onartu da ebazpena, botoen gehiengoarekin.

187 herrialdek (NBEko 193 estatu kideen %96ak) babestu dute Kubako blokeoaren amaiera. Bi boto izan dira aurka, AEB eta Israelen aldetik, eta abstentzio bat, Ukrainarena.

NBEko idazkari nagusi Antonio Guterresek adierazi du Kuban ezarritako AEBen blokeoa “botere politiko eta ekonomikoaren ageriko erabilera” dela: “Giza eskubideak argi eta garbi urratzen ditu, eta garapenerako bidea oztopatzen du”.

Blokeoaren itzala

Kubako Kanpo Aferetarako ministro Bruno Rodriguezek salatu du blokeoak “bizitzeko, osasunerako eta ongizaterako kubatarren eskubidea urratzen” dituela: “Gobernuak ez du bertan behera utzi finantzaketa eta hornikuntza iturriak mozteko nahita egindako ahalegina, gosea, sufrimendua eta ezegonkortasuna eragiteko”.

Horren harira, Rodriguezek adierazi du kubatarren %80ak baino gehiago ez duela blokeorik gabeko herrialdea ezagutzen. Halaber, azpimarratu du AEBetako Gobernua “gezurretan” ari dela "blokeoak sendagaiak eta ekipo medikoak eskuratzea eragozten ez duela” dionean: “COVID-19aren pandemian haizagailuak eta beste baliabide batzuk erostea galarazi zioten Kubari, haiek ekoizten dituzten enpresak AEBko konpainien subsidiarioak direla aitzakiatzat hartuta ”.

Eragin ekonomikoa, zifratan

Rodriguezek zehaztu du 2022ko martxotik 2023ko otsailera bitartean Kubako ekonomiak 4.867 milioi dolarreko kalte-eragina izan duela; hori hilean 405 milioi dolar baino gehiago litzateke, 13 milioi dolar baino gehiago egunero eta 555 000 dolarretik gora ordu bakoitzean.

Halaber, adierazi du guztira prezio arruntetan oinarritutako kalte ekonomikoak 159.084.3 dolarretik gorakoak direla, “dolarrak nazioarteko merkatuan urrearen balioaren aurrean duen portaera kontuan hartuta”. Bestalde, azpimarratu du blokeorik egon ezean, 2022an Kubako barne-produktu gordina (BPG) % 9 hazi zitekeela.