argia.eus
INPRIMATU
Garoña behar baino lehen ixteagatik 18,4 milioiko zigorra Iberdrola eta Endesari
  • Garoñako zentral nuklearra baimenik gabe eta behar baino lehenago ixtea “arau-hauste oso larritzat” jo du Espainiako Merkatu eta Konpetentziaren Batzorde Nazionalak. Horregatik, Iberdrolak eta Endesak kontrolatutako Nuclenor elkarteak 18,4 milioi euroko isuna ordaindu beharko du.

Judith Perez @judyjudd 2014ko uztailaren 18a
Garoñaren sarrera adierazten duen kartela (argazkia: EFE)

Nuclenor zentral nuklearraren kudeaketaren arduraduna da eta zentrala 2012ko abenduaren 16an geldiarazi zuen, nahiz eta Espainiako Gobernuak emandako data 2013ko uztailaren 6a izan.

2013ko urtarrilaren 1ean energia-fiskalitatean aldaketak sartu ziren indarrean Espainiako Estatuan. Horien ondorioz, Nuclenorrek zergen bidez 153 milioi euro ordaindu beharko lituzke, baina zentralaren ardura duen enpresak argudiatu zuen horiek ordaintzeak elkartearen porrot ekonomikoa eragingo lukeela. Horregatik erabaki zuten zentrala ixtea aldaketa horiek indarrean sartu baino lehen.

Isunaren aurrean Nuclenorrek helegitea aurkeztuko du, beraien esanetan fiskalitatean aldaketak sartzea “aurretik sumatu ezin daitekeen” kausa delako eta hori hala izanik, Garoñaren geldialdia erabakitzea bere konpetentzien barruan sartzen zela arrazoituz.