2003an ETAk Herrialde Katalanetan buruturiko bi atentaturekin lotuta zigortu du Espainiako Auzitegi Nazionalak Hernaniko preso politikoa. Hamabi urte egin zituen preso Frantziako Estatuan, eta 2023ko maiatzetik dago preso Espainiaren menpeko espetxeetan.
Berria-k jakinarazi duenez, presoak fiskaltzarekin akordioa onartu ostean ezarri dio Auzitegi Nazionalak Ezeizari 182 urteko zigorra, 2003an Alacanten eta Benidormen ETAk egin zituen atentatuekin lotuta. Fiskaltzak hasiera batean 268 urte eskatzen zituen Hernaniko presoarentzat; akordioarekin 182 izango dira, baina gehienez ere hogei urte beteta.
Gertaera berberengatik Auzitegi Nazionalak Ezeiza epaitzen duen hirugarren aldia izan da asteazkenekoa. Aurrekoetan epaitegiak absolbitu egin zuen, baina Espainiako Epaitegi Gorenak sententziak baliogabetu zituen, iritzita ez zela egoki aztertu Ezeizak atentatuetan “lagundu izana”.
2008tik espetxean
Ezeizak hamabi urte egin ditu preso Frantzian, 2008an ETAko kide izatea leporatuta atxilotu zutenetik. 2020ko maiatzean geratu zen aske, baina hilabete berean berriz sartu zuten preso Espainian, Auzitegi Nazionalak bere aurkako bi auzibide zituelako irekita. Juan Priede Orioko PSEko zinegotziaren hilketan parte hartzea egotzita hemeretzi urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta gaur ezagutu da bigarren epaia, Herrialde Katalanetako atentatuekin lotutakoa.