argia.eus
INPRIMATU
181 eguneko gose greba eten du Khalil Awawdeh preso palestinarrak, Israelekin akordioa lortuta
  • Khalil Awawdeh preso palestinarrak bertan behera utzi du 181 egunez iraun duen gose greba, urriaren 2an bera libre uzteko akordioa lortu ondoren.

Axier Lopez @axierL 2022ko irailaren 01

Khalil Awawdeh 41 urteko militante palestinarra da, Israelek 2021eko abenduan, atxiloketa administratiboa baliatuz, espetxeratu zuena.

Hau da, Israelgo Fiskaltzak ez du bere aurkako kargurik aurkeztu eta ez du epaitzeko datarik ezarri atxilotu zutenetik. Sei hilabete baino gehiagoz jateari uko egin ostean, eta osasuna oso kaltetuta zuela, asteazkenean bere abokatuak jakinarazi du Israelgo agintariekin akordioa lortu dutela Awawdeh urrian libre uzteko.

Awawdeh, atxiloketa administratiboa salatzeko azken urteetan gose greba luzeak egin dituzten atxilotu palestinarretako bat da. Atxiloketa administratiboen arabera Israelek edonor atxilo dezake "frogak" adierazi gabe, atxilotuek haien aurkako akusazioak ezagutu gabe, eta auzitegietan beren burua defendatzeko aukerarik gabe. Erregimen horren arabera atxilotutako palestinar askok urteak eman ditu espetxean.

Addameer preso politikoen eskubideen aldeko talde palestinarraren datuen arabera, atxiloketa administratiboaren menpean 670 palestinar dauzka espetxeratuta Israelgo Gobernuak.