argia.eus
INPRIMATU
Elkarte homofobo antiabortista bati 18.000 euro eman dizkio Espainiako Gobernuak
  • 18.000 euroko diru-laguntza eman dio Espainiako Osasun Ministerioak abortatzeko eskubidearen eta ezkontza homosexualen kontra dagoen Acción Familiar GKEari.

Saioa Alkaiza Guallar @SaioaAlkaiza 2014ko urtarrilaren 10
Acción Familiar elkarteak bere webgunean duen aurkezpen irudia. (Arg: Acción Familiar)

“Espainiako familien egoera sozioekonomiakoari buruzko txostena” egiteko eskatu dio Ana Mato Osasun ministroak elkarteari. Ondoren, teorian, dokumentua baliatuz “Familiei Laguntzeko Plana” egiteko asmoa du.

PSOEko kide Rosa Aguilar haserre agertu da esleipenarekin, eta “oso larria” dela esan du. Ana Mato PPko kideari Gallardonekin “lehiatzea” aurpegiratu dio Aguilarrek: “Ultraeskuinari ea zein gehiago hurbildu dabiltza norgehiagoka”.

“Familiei Laguntzeko Plana” ere polemika iturri

Familia eta Haurtzarorako Zerbitzuetako zuzendari Mari Salomé Adroher da “Familiei Laguntzeko Plana”-ren arduraduna, Eldiario.es egunkariak plazaratu duenez.

Adroher izan zen Ezkontzak axola du, dibortzioa ez da konponbidea jardunaldietako hizlarietako bat. Hainbat eragile kezkatu dira, Osasun Ministerioak talde kontserbadoreekin duen harremana medio.