argia.eus
INPRIMATU
1.800 milioi euroko isuna ezarri dio Europak Appleri
  • Europako Batzordearen ustez, konpainiak bere nagusitasunaz abusatu du, Spotify moduko lehiakideei Apple Storeren "ekosistematik" kanpo dauden harpidetza-aukera merkeagoen berri ematea edo errekarguak aplikatzea eragozten dielako.

Ainara Rodil Jaime 2024ko martxoaren 05a

Europako Batzordeak 1.800 milioi euroko isuna ezarri dio Appleri, streaming bidezko musikaren merkatuan duen nagusitasunaz abusatzeagatik. Bruselak konpainia zigortu du garatzaileei "Appleren ekosistematik kanpoko musika" erosteko aukera merkeagoei buruzko informazioa emateko ezarritako murrizketagatik. "Hori legez kanpokoa da", esan du Margrethe Vestager Europako Batzordeko Lehia komisarioak prentsaurreko batean. Eta politika horrek iPhone edo iPad moduko gailuen bidez online musikaren milioika kontsumitzailerengan eragin negatiboa izan duela esan du.

Komisarioaren arabera, konpainiaren fakturazio osoaren % 0,5 da isuna. Hala ere, zehapena askoz txikiagoa da lehia desleialaren aurkako legeriak fakturazioaren %10erainoko isunak baimentzen dituelako.

“Batzordeak ondorioztatu du 1.800 milioi eurotik gorako isunaren zenbateko osoa Appleren diru-sarrera globalekiko proportzionala dela, eta beharrezkoa dela disuasio-efektua lortzeko", adierazi dute ohar batean.