Abenduaren 14an Bilbon etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazio nazionala antolatu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak. Ia 200 izan dira auziarekiko elkartasuna adierazi duten eragileak.
Etxebizitzaren negozioaren aurka, enpresari eta politikarien arteko negozioen kontra, premiazko neurri eraginkorren alde eta etxebizitza eskubide unibertsal bilakatzeko sinatu dute Euskal Herriko 180 eragile baino gehiagok. "Etxebizitza eskubidea bermatu, negozioari ez!" lelopean aurkeztu dute egitasmoa.
Eragileen artean daude etxebizitza eskubidearen aldeko eta bazterketa sozialaren kontrakoak; eragile sindikalak eta langile elkarteak; ekosistemen suntsiketaren aurkakoak; arrazakeriaren kontrako eta pertsona arrazializatuen zein migratzaileen kolektiboak; auzo elkarteak, sare komunitarioak, gune autogestionatuak eta kultura elkarteak; antolakunde politikoak, talde antimilitaristak eta antifaxistak; eragile feministak, emakumeen genero disidentziaren kontrako eragileak; eta gaztetxe, gazte asanblada eta gazte antolakundeak.
180 eragile baino gehiagok bat egin dute abenduaren 14an, 13:00ean Bilboko plaza Eliptikotik hasiko den manifestazioarekin. Deitzaileek informatu dutenez, oraindik ere atxikitzeko aukera zabalik dago, email honetara mezu bat idatzita: abenduak14negozioariez@gmail.com.
Manifestazioa prestatzera bidean hainbat asanblada ireki egingo dituzte datozen asteetan. Iruñean, Bilbon, Gasteizen eta Donostian egiteaz gain, Euskal Herriko eskualde askotan ere antolatu dituzte. Asteazken honetan egingo dute asanblada irekia Bilboko Ekoetxean 18:30ean.
Ildo beretik, azaroaren 28an etxebizitzaren eskubidea bermatzeko eta negozioa salatzeko mobilizazioa antolatu dute Iruñean. Iruñerriako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Haritu Etxebizitza Sindikatuak egin dute mobilizazio deialdia, Errekoletoen plazatik abiatuko da protesta, 19:00etan. Bilbon egingo den manifestazioa indartu eta "Nafarroako mobilizazioen dinamika hauspotzea” da helburua.