argia.eus
INPRIMATU
18 urteko gizonezko bat atxilotu dute Gasteizen sexu erasoa leporatuta
  • Adingabe bat bortxatu izana egozten zaio gazteari, zenbait komunikabideren arabera. Lakuabizkarra auzoan izan da erasoa, larunbatetik iganderako gauean, auzoko jaien testuinguruan. Kontzentrazioa egin dute erasoa gaitzesteko.

Zigor Olabarria Oleaga @zoleaga1 2024ko ekainaren 17a
Igande arratsaldean kontzentrazioa egin dute erasoa salatzeko. Argazkia: @Garbine_Ruiz

Ertzaintzak jakinarazi duenez, goizeko 3:00ak aldera izan du erasoaren berri. Erasoa jasan duen pertsona artatu ostean, ustez erasoa burutu duen 18 urteko gaztea atxilotu du, komisariara eraman du lehenik, eta Gasteizko Guardia Epaitegiaren eskuetan utzi du ondoren.

Zenbait komunikabidek zabaldu dute sexu erasoa bortxaketa bat izan dela, neska adingabe baten aurkakoa.

“Ez jaietan, ez auzoan”

Igande arratsaldean kontzentrazioa egin dute auzokideek jaien gunean. Ibailakua auzo elkarteak “sexu-erasoa” gaitzetsi du, eta adierazi ez duela horrelako jarrerarik onartuko “ez jaietan, ez auzoan”. Erasoa pairatu duen pertsonari “babesik beroena” helarazi dio, behar izanez gero laguntza emateko prestutasuna agertuta.