argia.eus
INPRIMATU
19 hildako eta ehundik gora zauritu Bartzelona eta Cambrilseko erasoetan
  • Egoera konplexua sortu da Katalunian osteguneko Bartzelonako atentatuarekin. Furgonetaren erasoak hamahiru hildako eta ehundik gora zauritu utzi ditu. Eta, horrez gain, ostiral goizaldean Mossoek bost pertsona hil dituzte Cambrilsen, ustez hauek beste erasoren bat egitera zihoazenean.

ARGIA @argia 2017ko abuztuaren 18a

Gertakizun hauekin lotu dute, halaber, ostegun goizaldean Alcanar herrian, Tarragonan, etxe batean izandako bonbona leherketa. Pertsona bat hil zen bertan eta beste zazpi zauritu ziren. Mossoen arduradunen esanetan, litekeena da Alcanarren Bartzelonan egin beharreko bonbona atentatu bat prestatzen aritzea, leherketa gertatu zenean.

Rambletako erasoa eta Alcanarreko gertaerak lotu dituzte Bartzelonako furgonetan agertu diren agiriak Alcanarren zauritutako pertsonarenak direlako. Hala ere, nahasketa handia da datu eta gertaeren inguruan, batez ere haien arteko loturari dagokionez. Oraingoz Kataluniako Gobernuko iturriek aipatu dutenez, lau pertsona atxilotu dituzte gertaerekin lotuta, bat Alcanarren eta hiru Ripollin, hiru marokoar nazionalitatedunak dira eta beste bat Melillakoa.

Alcanarreko txaletean izandako leherketak etxebizitza txikitu zuen.

Halaber, beste herritar bat ere hilda dago: ostegun gauen auto batek kontrol bat egin zuen salto Bartzelonako Diagonal kalean, Mosso bat zaurituz, eta ondoren bera hilik agertu zen Saint Jus Desvernen. Hasieran zabaldu zen Mossoek egingako tiroen ondorioz izan zela, geroago esan da labanez hilda zegoela eta ez zegoela gidariaren lekuan. Mossoen agintari Josep Lluis Traperoren esanetan, gertaera hauek ez leudeke lotuak Bartzelonako atentatuarekin. Halaber, honek jakinarazi zuenez, Alcanarren lehertutako  etxebizitzan Bartzelonan eztandarazteko lehergailuak prestatzen ari ziren.

Egiletzaren inguruan, Rambletako erasoaren ondoren lehen orduetan 'otso bakartien' teoria ari zen nagusitzen, baina orduak eta gertaerak aurrera egin ahala, denak adierazten du jihadista sare antolatu baten esku daudela eraso hauek.