argia.eus
INPRIMATU
Nafarroako kiroldegietako langileak
“18 egun greban, eta udalek eta enpresek oraindik ez dute ezer esaten”
  • Nafarroako kiroldegietako langileak greban ari dira azken 18 egunetan –abuztuan beste bi egin zituzten–. Udaletako egoitzetan egiten dute lan, baina horiek azpikontratatutako enpresentzat ari dira lanean, beraz, azken horiekin negoziatu behar dute. Oihartzun zabala izaten ari da greba, besteak beste herritar askori eragiten dielako eguneroko edo asteroko kirol jardueran.

Xabier Letona Biteri @xletona 2022ko azaroaren 04a
Kiroldegietako langile talde bat Iruñeko Udaletxe plazan. (Arg.: X. Letona)

Oso sektore sakabanatua da eta ez dakite zenbat diren guztira, baina kalkulatzen dute 2.000 bat langile izango direla. Ostegun honetan izan zuten lehen kontaktua Agedena patronalarekin –kirol enpresen federazioa–, hark deituta bilera egin dute langileekin, baina ez dute adostasunik izan. Besteak beste, langileek KPIaren araberako soldata igoera eskatzen dute (%6,6) eta enpresek %3,5eko igoera proposatzen dute. CCOO, ELA, LAB eta UGTk sostengatzen dute greba.

Kirol jardueratan aritzen dira batzuk, besteak atezaintzan, mantenu lanetan edo sorosle, eta egunero entzuten zaie, besteak beste Iruñerriko herrietako kaleetan. Ostiral honetan eguerdian bilkura zuten Iruñeko Udaletxe plazan, baina hara hurbildu eta talde sakabanatuak ikusten ziren, eta oihuak ere entzuten ziren, baina talderik ez: “Bai, bilkura genuen, baina ez dugu baimenik eta ezin gara ohi bezala bildu”, azaldu digute Oihana Errok eta Beatriz Belaskok. Haiekin mintzatu gara grebaren egoeraz.

Nola zaudete?

B.B: Gaizki. Hainbeste egun greban eta udalak eta enpresak ezer esan gabe daude oraindik. Egoera ez da ona, baina aldi berean indartsu gaude.

O.E: Bai, eta atzoko bilera enpresekin haiek ezer ez esateko... Gaur Javier Abiego enpresetako abokatua berriz bildu da sindikatuekin, ea zer ateratzen den.

Zeintzuk dira zuen eskakizunak?

O.E. Aipatu behar da lan hitzarmena ez dela berritu 2020tik. Horrez gain, lau bloke nagusi ditugu negoziagai. Batetik, soldatarena dago. %6,6 eskatzen dugu guk, KPIaren igoera, eta patronalak %3,5 bakarrik igo nahi du.

B.B. Soldatei dagokienez, oso egoera desberdinak daude gure kolektibo osoan, baina oro har, arazo handienetakoa da lan ordu gutxi egiten ditugula, eta enpresen joera –adibidez kirol jardueran– kirol berrietarako kontratazio berriak egitea izaten da, lan ordu horiek aurretik 12 edo 14 orduko kontratua duenari eskaini beharrean. Hemen ikusten dituzun lankide gehienetatik, inork gutxik izango du egun osoko jarduna, eta horrek behartzen gaitu beste lan bat edo bi bilatzera bizi ahal izateko. Beraz, kontratazio berriak egin beharrean, lan ordu gutxi duenari lan ordu gehiago ematea eskatzen dugu.

O.E. Beste aldarrikapen bat bajaren eremukoa da. Gure lanbidean kirol jarduera asko egiten da, oso sektore fisikoa da, eta hainbatetan daude lesioak, edo gaixotzen gara igerilekuan 20 gradutan gaudelako eta gero ateratzen garenean 3tan... Eskatzen dugu bajak %100 kobratzea lehen egunetik.

B.B. Gaixo egoteagatik zigortu egiten zaituzte. Horrez gain, gaur egun urtean egun bakarra dugu libre gure gaietarako. Bi eskatzen ditugu.

Udalei egin al diezue eskakizunik?

O.E. Sindikatuak egon dira udal batzuekin: Uharte, Burlata, Aranguren, Azkoien... Esaten dute enpresek udalei aplikatzen dietela KPIaren igoera, baina gero enpresek ez digu gure soldata neurri berean igotzen. Zizurreko udalak, adibidez, bere eskakizunetan jartzen du haiei eskatutako KPIaren igoera langileei ezarri behar zaiela gero, baina hitzarmen guztiak ez dira horrelakoak.

B.B. Azken finean, egokiena litzateke uneren batean lanpostu horiek guztiak udalenak izatea.

Kiroldegietako erabiltzaileak nola sumatzen dituzue? Esaten dizuete zerbait?

O.E. Denetarik dago, baina orokorrean gehiengo handiak animoak ematen dizkigu.