argia.eus
INPRIMATU
18 atxilotu SGAEko eta telebista kateetako iruzur batekin lotuta
  • SGAEren Madrileko egoitzan sartu da Espainiako polizia nazionala berriz ere, 18 pertsona atxilotu, 16 miaketa egin eta 20 informazio eskatze egin dituzte “gurpilaren eskandaluarekin” lotuta. SGAEko hainbat bazkidek eta telebistako kateek goizeko ordu txikietan jarritako musikagatik jaso dituzten milioika euro ikertzen ari dira. Tartean EITBko egoitzan izan da polizia informazioa eskatzen.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko ekainaren 21

“Gurpila” gisa ezagutzen den telebistako praktika eramaten zuten aurrera atxilotuek. Ordu txikietan jartzen diren giro musikalak “kalitate baxuko musika edo moldaketa faltsuak dira” poliziaren arabera, telebistako musika argitaletxeek egile eskubideengatik ordaindu behar dutena poltsikora itzultzeko beren-beregi sortuak.

Bazkide gutxi batzuek kontrolatu dute sistema hau, milioika euroko irabaziak jasoz, pop izarrek baina irabazi handiagoak lortzeraino. Ez da diru kontua soilik, irabazi handienak dituztenek botere gehiago baitute elkartean. Beste gatazka batzuen artean, gurpilaren auzia izan zen 2013an Anton Reixa SGAEko zuzendari ohiaren dimisioaren arrazoi nagusietako bat. Reixak 2006 eta 2012 urteen artean 25 milioi euro fakturatu zituzten hamaika bazkideren zerrenda egin zuen.

Zergatik sortzen ditu horrenbeste irabazi “gurpilak”?

Telebista kateek musika erabiltzeagatik SGAEri zenbateko bat ordaindu behar diote, eta diru hau autore eta editoreen artean banatzen da. Joan den hamarkadan, telebista kateek beren musika argitaletxeak sortu zituzten eduki musikal propioak erabiltzeko. Autoreek, telebistako editoreek hala eskatuta, konposizio propioak edo jabetza publikokoak diren obren moldaketak egiten dituzte.

Gurpilarekin zer ikusia duten konposizio gehienak gauez emititzen dira, txapelketa telefoniko eta gisako programetan. Audientzia soilik %1a den arren, denbora tarte zabala dute eta pieza musikal mordoa sartzen da. Telebistak SGAEri ordaintzen dionaren %60era iristen dira gaueko saioak.

Praktika honek sortzen dituen egile eskubideak honela banatzen dira: %50 telebistek sortutako argitaletxeentzat, %20-30 bitartekarientzat eta gainontzekoa egileentzat. Modu honetan, urtean 9 milioi euroko zifrara heldu izan da telebistara itzultzen den kopurua.