Azpeitiko Kultur Mahaiak egindako proposamena aho batez onartu zuten ohiko udalbatzarrean eta "galtzaileen borroka" gogora ekarriko duen kalea izango du herriak.
Aspaldiko kale batek izen berria izango du aurrerantzean Azpeitian. Arana kalea eta Artzubia Urola ibaiaren ondotik elkartzen dituen kaleak ez zuen, orain arte, izen jakinik, baina aurrerantzean izango du: 1766ko matxinada kalea izango da, orain dela 250 urte gertatutakoak gogoan. Atzo, asteartea, aho batez onartu zuten kale horren izendatzea maiatzeko ohiko udalbatzarrean, Azpeitiko Kultur Mahaiak egindakon proposamenari oniritzia emanez.
"Injustizia bati justizia egin" nahi izan du erabakiarekin Azpeitiko Udalak. Matxinadaren memoria berrekuratuz, "gure historiaren zati bat, galtzaileen borroka" gogora ekarri nahi dutela esan zuen Eneko Etxeberria alkateak. Garaiko jauntxoen erabakien kontra altxatu ziren matxinoak "eredu bat" direla uste du alkateak, eta ordukoaz "asko ikasteko" dugula. "Haien izenak ez daude jasota, baina data jasotzea proposatzen da" kale bati matxinadaren izena emanda.
Jose Luis Otamendi idazle, Kultur Mahaiko kide eta Sanagustin Kooperatibako lehendakariak ere hartu zuen hitza, kalearen izendapen berriaren harira. "Oso pozik" azaldu zen Otamendi kale bati 1766ko matxinada izena ematea erabaki dutelako. "Injustizia handi baten ordaina da", harentzat. 250 urtez "ahotsik gabe gelditu" zirenen memoria jasotzea dela nabarmendu zuen, besteak beste. Gogora ekarri zuen, halaber, Errebaleko jendeak kale horri "atzekaldea" deitu izan diola; "bazterrekoak oroitzeko ez da toki txarra", esan zuen.
Joan den apirilaren 14an bete zen Azpeitian eta Azkoitian piztu zen Gariaren Matxinadaren 250. urteurrena eta egun berean aurkeztu zuten Azpeitiko Kultur Mahaiak, Azpeitiko Udalak eta Azkoitiko Maxixatzen Euskara Elkarteak urteurrena oroitzeko urte osorako prestatu duten egitaraua. Oraindik zehaztu gabe dagoen arren, Udalak aurreratu du kale-izen berria ofizialki aurkezteko egingo dutela ekitaldiren bat.
Albiste hau Uztarria-eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra