argia.eus
INPRIMATU
1.754 sinadura bildu dituzte, Zizur Nagusian jarri nahi dituzten 65 zaintza kameren inguruko galdeketa eskatzeko
  • Bizi Zizur herri plataformak bildutako 1.754 sinadurak nahikoa izan beharko lirateke Udalak (Geroa Bai) herri galdeketa deitzeko, Zizur Nagusian jarri nahi dituen 65 zaintza kameren gainean.

ARGIA @argia 2021eko abenduaren 02a
Argazkia: Ahotsa.info

Herritarren parte-hartzeari dagokion Udal Ordenantzaren arabera, 16 urtetik gorako herritarren %8ak hala eskatzen duenean, herri galdeketa deitzeko aukerari bide ematen zaio, Ahotsa.info-k nabarmendu duenez. Bizi Zizur plataformak espero du Udalak abenduan formalizatzea sinadura bilketa, eta ostean galdeketari argi berdea ematea.

"Ez dugu beldurraren diskurtsoan sinesten, Zizur herri seguroa da"

"Ez dugu beldurraren diskurtsoan sinesten" azaldu zuen Euskalerria irratian plataformako bozeramaile Ana Gurpegik, pasa den astean: "Uda honetan izandako gertaera puntualak alarma soziala sortzeko eta kontrol sozialeko sistema bat ezartzeko erabiltzen ari dira. Gure ustez, gizartea eraikitzeko oinarria elkarrekiko konfiantza, elkartasuna eta aniztasuna errespetatuko dituen bizikidetza-oinarri komunak definitzea izan behar da". Emakumeen puntu beltzei dagokionez, plataformak salatu du zaintza kameren proiektua aurrera ateratzeko ez dela herriko talde feministarekin adostu. "Zaintza kamerek ez dute puntu beltzen arazoa konponduko. Bestelako neurri kolektibo eta sozialak behar dira".

Halaber, prozesu guztiaren gaineko "gardentasun falta" salatu du taldeak.