argia.eus
INPRIMATU
1.700 elkarte, eragile eta norbanako baino gehiagok eskatu diote Amurrioko Udalari Aiaraldea Komunikabidearen dirulaguntza berrezarri eta euskararen biziberritzean “eragile aktibo” bilakatzea
  • Udaren amaierara arte (irailak 21) eman diote Udalari plazaratutako aldarrikapenei bide emateko tartea.

Aiaraldea @aiaraldea 2024ko ekainaren 26a

Amurrioko, Aiaraldeko zein Euskal Herriko 1.700 elkarte, eragile eta norbanako baino gehiagok egin dute bat euskarazko komunikabideen aldeko atxikimendu kanpainarekin. Gaur arratsaldean egin dute agerraldia Amurrioko Udaletxearen aurrean, eta hiru eskaera zehatz egin dizkiote bertako Udalari:

  1. Amurrioko Udalak udalerriko zein eskualdeko euskalgintzaren eragileekin elkarlana estutzea, euren aldarri eta proposamenak babestea eta horietan aktiboki parte hartzea, modu horretan, euskararen biziberritzean eragile aktibo bilakatzeko.
  2. Amurrioko Udala Aiaraldea Komunikabidearekin biltzea, bi entitateen arteko elkarlana berriz abiatu eta normalizatzeko.
  3. Amurrioko Udalak Aiaraldea Komunikabideari azken hamabi urteetan eman dion diru-laguntza berrezartzea eta babes ekonomiko horren zenbatekoa eguneratzea, eskualdeko gainontzeko udalek egiten duten ekarpenarekin parekatuz.

Patri Pinedo eskubaloi jokalari ohiak eta Manolo Plazak (Amurrioko Olentzeroa) irakurri dute manifestua. Amurrioko Udalaren euskararekiko politika “elkarlan terminoetara” eramatea jarri dute erronka moduan.

“Euskara egiazki biziberritzeko, Amurrioko Udalak elkarlana sustatu behar du gizarte zibilarekin; bertako elkarte eta entitateekin, eta eskutik helduta aurre egin behar diogu gure hizkuntzak bizirik jarraitzeko aurrean duen erronka erraldoiari. Garaiz eta prest gaude horretarako”, adierazi dute.  

Gauzak hala, “dei zintzo bat” egin diote Amurrioko Udalari, “lehen bait lehen” eman diezaien bide goian aipatutako aldarriei. Udaren amaierara arte (irailak 21) eman diote horretarako tartea tokiko erakundeari, eta nabarmendu dute, erantzun positiborik jasotzen ez badute, bestelako urrats batzuk ematen jarraituko dutela.