25. Hatortxu Rock jaialdian joko duten musika taldeak iragarri dituzte. Estilo eta jatorri ugariko 17 taldek parte hartuko dute elkartasun jaialdian, horien artean Segismundo Toxicómano, Afu, Soziedad Alkoholika, Nøgen, Skakeitan, Rodeo eta Ibil bedi. Jaialdirako sarrera guztiak agortuta daude, baina azaroaren 1ean jarriko dituzte salgai hurrengo udan egingo duten jaialdi berezirako sarrerak.
Abenduaren 18an egingo dute 25. Hatortxu Rock, euskal preso politiko, iheslari, deportatu eta haien senideen aldeko elkartasun jaialdia. Sarrera guztiak ordu eta erdian agortu ziren, artean bertan joko duten taldeen berri eman gabe. Gaur iragarri dute zeintzuk izango diren Atarrabiako oholtzara igoko diren 17 taldeak.
Erlojuaren kontrako lanean askotariko gustuetarako kartela osatzen ahalegindu direla azaldu dute antolatzaileek. Hauek izango dira taldeak: Segismundo Toxicómano, Afu, Soziedad Alkoholika, Bide Bakarra, Kaotiko, Tremenda Jauría, Dupla, Nøgen, Green Valley, Tribade, Skakeitan, Rodeo, Galtzagorriak, Ibil Bedi, Irkaia, Talco Maskerade, Dj Plan B.
Auzolan erraldoi baterako prestaketa lanetan ari dira antolatzaileak, eta antolaketan parte hartzera deitu dute, jaialdia "denen artean" egin ahal izateko. Izan ere, azken euskal errepresaliatu politikoak etxerako bidea egin arte lanean jarraituko dutela adierazi dute.
Pandemiak eragindako etenaldiaren ostean ahalegin berezi bat egingo du Hatortxu Rock jaialdiak. Hori dela-eta, datorren udan bi eguneko jaialdi berezia antolatuko dute; Atarrabian izango da, ohi bezala, uztailaren 29 eta 30ean. Ez-ohiko jaialdi horretarako sarrerak azaroaren 1ean jarriko dituzte salgai, 20:00etan, hatortxurock.eus webgunean. Bi eguneko bonoak 55 euroko prezioa izango du, eta egun bakarrekoak 30 euro.