argia.eus
INPRIMATU
17 kamera jarriko dituzte Gasteizko erdigunean, adimen artifizialekoak
  • Kontrol sozialerako teknologiek presentzia gero eta handiagoa dute Gasteizen, Udalaren ekimenez. Zabalgunean eta Alde Zaharrean bideozaintzarako 17 kamera berri jarriko ditu Udalak udatik aurrera. Adimen artifizialarekin funtzionatuko dute eta "delituak denbora errealean detektatzeko" balioko dute.

Hala Bedi @halabedi 2023ko urtarrilaren 10

Kontrol sozialerako teknologiek presentzia gero eta handiagoa dute Gasteizen, Udalaren ekimenez. Zabalgunean eta Alde Zaharrean bideozaintzarako 17 kamera berri jarriko ditu Udalak udatik aurrera, El Correok jakinarazi duenez. Adimen artifizialarekin funtzionatuko dute eta «delituak denbora errealean detektatzeko» balioko dute.

Horretaz gain, «objektuak, pertsonak eta ibilgailuak» identifikatu ahal izango dituzte kamerek, teknologia «puntakoenak» erabiliz. Gainera, ohiko kamerek ez bezala, 360ºko ikuseremua izango dute eta denbora errealean bidaliko dute informazioa. Helburuetako bat poliziaren interbentzioak azkarragoak izatea da.

Ez dira Gasteizen jarriko dituzten lehen bideozaintzarako kamerak, hiriko gune ugaritan daude. Udalaren erabaki honek, baina, proiektu jakin bat uzten du agerian: kontrola areagotzea gune zehatz batzuetan, zentrikoak eta turistikoak diren horietan, batez ere.

Arestian aipatutako egunkariak esan duenez, Andra Mari Zuriaren enparantzan, Plaza Berrian, San Frantzisko aldapan eta inguruko kaleetan jarriko dituzte kamera berriak.