Esanahiez gainezka egiten digu gaurko egunak.
Maiatzaren 17an, 2015ean, erabakitasunez eta kolorez beteriko Martxa Laranja jendetsuak Gasteizko Andra Mari Zuriaren plaza okupatu eta Askegunea sortu genuen. Egun oso batez, izan nahi dugun herriaren zertzelada eder batzuk irudikatu genituen: herri autoantolatua, alaia, maitasuna eta elkartasuna praktikatzen dituena, konpromisoa eta auzolana oinarri dituena, bidegabe deritzonari desobeditzen diona. 18an, biolentziaren profesionalen ejertzitoaren aurrean, Askegunea Herri Harresian antzaldatu, eta beharrezkoa izatekotan zertarako prest gauden erakutsi genuen. Lelo feministak dioen moduan, ez dugu ausartak izan nahi, libre izan nahi dugu. Baina berriz ere egingo genuke.
Maiatzaren 17an, gaurko egunean, Auzitegi Nazionaleko areto batean Erika, Joxe, Roxika, Sandra, Ugaitz, Eneko, Urko, Aniaiz eta Egoitz eseriko dira. EKIN antolakundeko arduradun nazionaleko kide izatea leporatzen diete. Politika egiteagatik, epaiketa aurretik torturatuak, espetxeratuak, dispertsatuak. Orain, sei urteren bueltan errudunak edo errugabeak diren ebatsiko omen duen epaiketan, 9 eta 15 urte arteko espetxe zigorrak eskatzen dizkiete.
Maiatzaren 17an, gaurko egunean, Auzitegi Nazionaleko beste areto batean, @JEgurzegi eseriko da. Sakelakoaren teklak sakatuz adierazteagatik kaiolatu nahi duten hamarnaka txiolarietatik beste bat. 2 urteko espetxea eta 8 urteko gaitasungabetzea eskatzen dizkio estatuak. Beste txiolari asko pasa dira jada salbuespen epaitegitik, beste asko pasa beharko dute ere aurrerantzean.
Esanahiz gainezka datorkigu eguna. Basque Lives Matter kanpainako lagunek gogoratzen digute “dena ETA da” teoriak indarrean jarraitzen duela oraindik. Estatuarena ez zen biolentziari erantzuteko garatu omen zen salbuespen eraikin guztia, orain modu ankerragoan orain lausoagoan aplikatzetik harago, tinko dirauela. Gure herrian instituzionala ez den biolentzia antolaturik existitzen ez dela bost urte baino gehiago igaro diren arren. Txiolariek erakusten digute, iraganeko salbuespen neurriak mantentzearekin pozik ez, eta disidentzia zahar eta berrien aurkako arma berriak garatu dituela estatu espainolak urteotan: Mozal Legea, zigor kode berritua, Erradikalizazio Biolentoaren Aurkako Borroka Plana...
Surrealistatik ere badu urteotako eskubide zibil eta politikoen egiturazko urraketaren bilakaerak. Gaztelerazko “no se puede mover ni un dedo” edo “no se puede decir ni pío” esamoldeak metafora esajeratu bezala jaio ziren iraganean. Gaur, hatzak mugituz txio egiteagatik amaitu dezakezu espetxeratua. Beti bezala baina inoiz baino gehiago, disidentzia eskubidea ez da kabitzen legedian. Euren eskubide formalak ere ez badira kabitzen, nola kabituko da justizia? Nola gure irrikak eta ametsak?
Baina bestelako soinu atseginagoak ere baditu egunak. Injustiziak sortzen digun amorruaren, minaren, maitasunaren antolaketa dakarkigu gogora. Toki eta une bakoitzean forma ezberdin bat hartzen duena. Txiolariak libre, Basque Lives Matter, Askeguneak, Herri Harresiak. Guztiek elikatzen dute gure eskubide zibil eta politikoen aldeko herrigintza. Baina bat bera ere ez da nahikoa, ezta hurrik ere, orain urtebeteko bahiketa legalak eta egunotako epaiketak lekuko anker.
Borrokan jarraitu behar dugu. Urteotan ibili dugun bidean sakonduz. Autoantolatuz, babes herritar zabalak landuz, konfrontatuz, umorea eta irudimena baliatuz, konprometituz, desobedituz, konponbidearen giltza (eta ardura) gure egitean eta ez bulegoetan jartzen duen begirada autozentratua elikatuz, amorratuz eta elkar zainduz, disidentzia eskubidearen aldeko birus laranja sedukzio bidez kutsatzen jarraituz.
17a esanahiz lepo datorkigu. Deialdiz ere. 2015ean kondenatuak babesteko Martxa Laranja izan zen. 2016an, kontzentrazioak epaituen herri gehienetan. Txiolariak kaiolatik libre nahi ditugulako, euskaldunon bizitzek axola dutelako, Erika, Joxe, Roxika, Sandra, Ugaitz, Eneko, Urko, Aniaiz, Egoitz eta Jonbi maite ditugulako. Libre bizi nahi dugulako.
Eleak/Libre dinamika